Ekonomia -
EITB DATA
Arrainaren kontsumoa % 30 jaitsi da EAEn, eta % 21 Nafarroan, hamarkada bakar batean
EAEn 24 kilo arrain kontsumitzen dira urtean biztanleko, batez beste; 21 kilo, Nafarroan. Azken hamarkadan kontsumoak nabarmen behera egin badu ere, EAEn Espainiako Estatuan eta Europan baino arrain gehiago kontsumitzen da oraindik.
EITB Media
Azken urteotan inguruko elikadura-ohiturak aldatu dira: gutxiago kozinatzen dugu eta aurrez prestatutako janari gehiago jaten dugu. Testuinguru horretan, arraina, itsaskiak eta horien kontserben kontsumoak beherakada handia izan du azken hamar urteetan, EITB Datak bildutako datuen arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoan urtean 34 kilo kontsumitzetik 24 kilo kontsumitzera igaro da, hau da, kontsumoa % 30,1 jaitsi da. Nafarroan beherakada txikiagoa izan da, % 21,9koa, eta 27 kilotik 21era pasa da.
Beherakada hori Espainiako Estatuko erkidego guztietan gertatu da, izan ere, jaitsieraren batez bestekoa % 31,7koa izan da, orotara.
Itsaskiek EAEko eta Nafarroako etxeetako elikagaien % 4 osatzen dute. Jaten dugunaren herena baino gehixeago frutak eta barazkiak dira ( % 33,6 eta % 36,7, hurrenez hurren). Eta esnekiak, zerealak eta lekaleak, gero.
Haragiaren kontsumoa arrainarena halako bi da. Bi autonomia-erkidegoetan % 8 inguru kontsumitzen dute.
Arrainaren kontsumoan, liderrak
Jaitsiera izan den arren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek urtean batez beste 24 kilo arrain, itsaski eta kontserba kontsumitzen dituzte pertsonako, eta itsasoko produktuen Estatuko eta Europako kontsumitzaile handienak dira. Nafarroan, batez beste 21 kilo kontsumitzen dira pertsonako eta urteko. Han ere Estatuko batez bestekoa gainditzen da, 18 kilotan baitago.
Arrain gehien jaten den autonomia-erkidegoak, EAEz gain, Galizia (23 kg) eta Gaztela eta Leon (22 kg) dira. Harrigarria den arren, kontrako aldean kostaldean dauden bi erkidego nabarmentzen dira: Kanariak (13 kg) eta Valentzia (16 kg).
Europara begiratuz gero, Portugalen EAEko antzeko datuak dituzte; 23,5 kilo jaten dituzte han. Inguruko beste herrialde batzuek, ordea, askoz datu apalagoak dituzte. Frantzian, adibidez, 14 kilo kontsumitzen dituzte batez beste; 12,9 kg Italian, 9,7 kg Suedian... Alemanian, berriz, oso arrain gutxi jaten dute, 5,4 kg urtean, pertsonako.