Ekonomia -
GARRAIO PUBLIKOA
Renfeko bi segurtasun langileri eraso egin diete Bilbon
Erasoa astearte goizean gertatu zen, Abandoko tren geltokian. CCOO sindikatuak salatu duenez, segurtasun-langileek kargu hartu zieten ordaindu gabe trenera sartzen saiatu ziren bi gazteri, eta horiek kolpeekin erantzun zieten.
AGENTZIAK | EITB Media
Garraio publikoan segurtasun lanak egiten dituztenen aurkako beste eraso bat salatu du CCOO sindikatuak. Astearte goizean gertatu zen, Abandoko tren geltokian (Bilbo), eta, ondorioz, bi segurtasun langile zauritu ziren.
Sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, bi gazte ordaindu gabe trenera sartzen saiatu ziren. Orduan, segurtasun-langileek kargu hartu eta gazteek aurre egin zieten. Kolpeak eman zizkieten eta kosk egin zieten, zauriak eraginez.
Bi gazteak nasatik ateratzea lortu ondoren, batek ukabilkadaz jo zuen langileetako bat aurpegian eta besteak eskuan kosk egin zion.
Erasoaren ondorioz, bi langileak mutualitatera eraman zituzten, zauriak sendatzeko.
CCOOk salatu duenez, 15 egun pasatxoko epean segurtasun langileen aurka gertatzen den hirugarren erasoa da. Pasa den otsailaren 24an, Euskotreneko segurtasun langile bati eraso egin zioten Zornotzako tren geltokian, martxoaren 9an Bilboko Metroko bi segurtasun langile kolpatu zituzten, eta atzo Abandon Renfeko bi.
Hori dela eta, segurtasun enpresen "utzikeria" salatu du CCOOk, langileen eta erabiltzaileen "benetako segurtasunaren" aldeko apusturik egiten ez dutela iritzita.