Ekonomia -
Erreforma fiskala
Podemos Euskadik erreforma fiskalaren gaineko jarrera birplanteatuko du "aldaketa esanguratsurik" badago
Alderdi morearen esanetan, ez dute jaso "euskal erreforma fiskalari buruzko gidalerrorik", eta erabakia "autonomia osoz" hartu du.
eitb media
Podemos Euskadik berretsi duenez, EAJrekin eta PSE-EErekin balizko akordio fiskal bat adosteko aukeraren inguruan duen jarrera birplanteatuko du, "euskal herritarrentzat onuragarria izango den aldaketa estruktural nahiko esanguratsua badago".
Alderdiak ohar baten bidez eman dituen azalpenen arabera, EAJk eta PSE-EEk planteatutako erreforma fiskala "ez zitzaigun nahikoa iruditzen", baina "ez gara mahaitik inoiz altxatu", eta "une honetan gure jarrera birplanteatuko dugu, baldin eta euskal herritarrei mesede egingo dien egiturazko aldaketa esanguratsurik badago".
Podemos-Ahal Duguk jeltzaleen eta sozialisten proposamen fiskalaren inguruko barne-kontsulta egin zuen, eta boto-emaileen % 46k ituna lortzearen alde egin zuten, % 43 aurka agertu ziren eta % 11 abstenitu egin ziren, % 25etik beherako parte-hartzea izan zuen bozketan.
Podemosen iritziz, emaitza horiek ez ziren erabakigarriak izan, ia-ia "berdinketa teknikoa" izan zelako, eta, beraz, fiskalitateari buruzko akordiorik ezin zutela babestu ondorioztatu zuten.
Komunikabide batzuek zabaldu ostean Podemosen idazkari nagusiak eskua sartu duela, Elkarrekin Podemosek esan du ez dutela jaso "euskal erreforma fiskalari buruzko gidalerrorik", eta jeltzale eta sozialisten proposamena ez babesteko erabakia "autonomia osoz" hartu dutela.
Podemos Euskadik ukatu egin du "Ione Belarra edo alderdiko zuzendaritzako beste inoren deirik" jaso izana EAJk eta PSE-EEk proposatutako zerga erreforma ez babesteko.
Alderdi moreak salatu du informazio horiek "interes alderdikoiei" erantzuten dietela, eta "alderdiaren irudiari kalte egin" beste helbururik ez dutela.
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Ogasun diputatuek prentsaurreko bateratua eman zuten ostegunean EAJren eta PSE-EEren artean adostutako berrikuspen fiskala "zentzuduna eta errealista" dela defendatzeko, eta EH Bilduri, Elkarrekin Podemosi eta PPri "erantzukizuna" eskatzeko.