Ekonomia -

Abeltzaintza

Otsoak gutxienez artaldeen aurkako bi eraso egin ditu Ipar Euskal Herrian

Prefeturak eta Bioaniztasun Bulegoak erasoak baieztatu dituzte. Bi ardi eta arkume bat hilda agertu dira Bardozen (Lapurdi). Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB) Prefeturari otsoari tiro egiteko baimena eskatu dio dagoeneko.

Larhun mendiaren inguruan otsoa badabilela egiaztatu eta bi egunera lehen erasoak baieztatu dituzte.
Larhun mendiaren inguruan otsoa badabilela egiaztatu eta bi egunera lehen erasoak baieztatu dituzte.

Larhun mendiaren inguruan otsoa badabilela egiaztatu eta bi egunera lehen erasoak baieztatu dituzte.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Euskal Herrian, Larhun mendiaren inguruan otsoa badabilela egiaztatu berritan, orain Ahurtin (Lapurdi ekialdean) ikusi dute otsoa beste bideo batean. Hori bakarrik ez, lehen erasoen berri jaso dute jada Frantziako Bioaniztasun Bulegoan; izan ere, Prefeturak agiri bidez egiaztatu du, bi gauetan segidan, Bardozen (Lapurdi ekialdean) izandako erasoak otsoarenak direla, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.

Horretaz gain eta kontuan izanda, Biarno aldean dagoen otsoak ere erasoak egin dituela azken egunetan, badirudi bigarren otso bat dela Ipar Euskal Herrikoa.

Lili Saint Laurentek eta Mathias Gibertek Landibarren (Oztibarre, Nafarroa Beherea) dute etxaldea, baina egunotan Bardozeko zelaietan dute artaldea. Lehen erasoa Larhuneko bideoa azaldu eta bi egunera jasan dute, bigarrena hiru egunera. Lehen gauean ardi bat eta arkume bat hilda agertu ziren, eta bigarrenean ardi bat.

Bi abeltzainek ez dute zalantzarik: "lehen Proventzan ginen eta jada duela 15 urte ezagutzen genuen hori. Badakigu zer den bai", ziurtatu dute. "Ahurtin bideo batean azaldu da, otsoaren jokamoldea da, bere protokoloa da", erantsi dute.

Prefeturak eta Bioaniztasun Bulegoak Bardozeko erasoak baieztatu dituzte. Biarnon ezagutze duten otsoak egun beretsuetan eraso egin duenez, beste bat dela uste dute, otso berri bat.

Gainera, Larhungo agerraldiaren bezperan beste kasu bat izan zen Barkoxen (Ibarrezker, Zuberoa), eta ahari bat hilda azaldu zen. Ahariaren indarra ezagututa, otsoa izan dela uste dute. Euskal Herriko Laborarien Batasunak (ELB) Prefeturari tiro egiteko baimena eskatu dio dagoeneko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Ekonomia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Animalia basatiak Zuberoa Lapurdi Nafarroa Beherea Abeltzaintza azken ordukoa