Ekonomia -
DOKUMENTAZIOA
Zein da medikuen borondatezko erretiro adina Europan?
Erretiroa hartzeko adina, batez beste, 65 urtekoa da Europar Batasuneko herrialdeetan. Hala ere, hainbat estatukidek 67 urtera atzeratzea erabaki dute. Halaber, zenbait gobernu erretiro aktiboa bultzatzen ari dira, langile eskasiari aurre egiteko.
EITB Media
Medikuen eskasia ageriko arazoa da Europa osoan eta estatu askok erretiro aktiboa bultzatzeko erabakia hartu dute, besteak beste, 72 urte arte lan egin eta aldi berean pentsioa kobratu dezaten.
Zein da medikuen borondatezko erretiro adina Europan?
Frantzian, medikuek 72 urtera arte lan egin dezakete baldin eta lanaldi partzialean eta erresidentzietan aritzen badira. Gobernuak onura fiskalak ere aplikatu izan dizkie lana pentsioarekin uztartzea erabaki dutenei. Hala ere, azken aldian gero eta gutxiago dira 65 urtetik aurrera lanean jarraitzea erabakitzen dutenak, eta, ondorioz, onura fiskal hori bertan behera gelditu da.
Italian, Frantzian bezala, gehienezko erretiro adina 72 urtekoa da. Italiako Gobernuak egindako kalkuluen arabera, 40.000 mediku jubilatuko dira aurten eta gabezia horri aurre egiteko familia medikuak erakarri nahi ditu. Esaterako, 68 urte beteta dituzten medikuek bere kontsultan gazte bat hartu dezakete eta gaixo batzuen gaineko ardura berari eman, soldata partekatzearen truke.
Portugalen erretiro adina 66 urtekoa izan arren, osasun-zerbitzu publikoak erretiratutako 900 mediku kontratatu ditu. Horretarako, nahikoa izan dute gai direla egiaztatzen duen azterketa bat egin. Trukean, ordutegia aukeratu eta pentsioa eta soldataren % 75 kobratu dezakete.
Alemanian, medikuek 67 urtera arte lan egin dezakete osasun-sistema publikoan. Horrez gain, gobernuak onura fiskalak onartu ditu erretiro adinaz harago ere lanean jarraitu dezaten.
BBVA Institutuaren arabera, erretiroa hartzeko adina, batez beste, 65 urtekoa da Europar Batasuneko herrialdeetan. Hala ere, hainbat estatukidek 67 urtera atzeratzea erabaki dute.