Ekonomia -
Katalunia
La Caixa Fundazioaren patronatua eta Criteria Bartzelonara itzuliko dira
Isidro Faine buru duen konpainiaren ustez, "dagoeneko ez daude egoitza horiek aldi baterako lekualdatzea eragin zuten inguruabarrak", Kataluniako prozesu independentista betean gertatu baitzen.
Agentziak | EITB Media
La Caixa Fundazioaren Patronatuak eta CriteriaCaixa inbertsioen holdingak egoitza soziala Bartzelonara eramatea erabaki dute, 2017tik Mallorcan egon ostean.
Isidro Faine buru duen patronatuaren ahotan, "dagoeneko ez daude egoitza horiek aldi baterako lekualdatzea eragin zuten inguruabarrak", Kataluniako prozesu independentista betean baitzen, fundazioak ohar batean azaldu duenez.
Erabakia gaur hartu dute, aho batez, ezohiko bilkura batean, eta ez dakar langileak lekualdatu beharrik, ezta gune eta zerbitzu korporatiboak mugitzea ere.
Salvador Illa Generalitateko presidenteak adierazi duenez, albiste positiboa da: "Bide onetik goazela egiaztatu dugu", azpimarratu du. Illak defendatu duenez, "erakundeen egonkortasuna, zorroztasuna eta segurtasun juridikoa positiboak dira, eta erabaki horiek hartzen laguntzen dute". "Lan egiten denean eta zaratarik egiten ez denean, gauzak bideratu egiten dira", nabarmendu du.
Oriol Junqueras ERCren presidenteak La Caixa Banku Fundazioaren "iragana, oraina eta etorkizuna Kataluniako errealitate ekonomikotik banaezina" dela defendatu du. X sare sozialean, Junquerasek "albiste on" gisa definitu du itzulera. Hala ere, gogorarazi duenez, erakunde horrek "beti eutsi dio bere egiturari" Katalunian, egoitza soziala lekuz aldatu arren.
Jordi Hereu Industria eta Turismo ministroak esan du "albiste ona" dela, "Katalunian normalizazio politiko eta ekonomikoaren bidea indartzen duelako". "Horrelako erabakiek ziurtasuna ematen dute berrindustrializaziorako hain beharrezkoak diren inbertsio proiektu berriak erakartzeko", erantsi du ministroak X sare sozialean.