Ekonomia -

Enpresak

CAF konpainiak 600 tren fabrikatzeko 3.500 milioi euroko kontratua lor dezake Belgikan

SNCB Belgikako tren zerbitzuak Gipuzkoako konpainia aukeratu du aukera nagusi gisa tren flota berria fabrikatzeko. Belgikako Gobernuak justifikatu egin du SNCBk CAF aukeratu izana, nahiz eta Alstomek eskaintza merkeagoa aurkeztu.

CAF Beasain. Artxiboko irudia: EITB
CAF Beasain. Artxiboko irudia: EITB

CAF Beasain. Artxiboko irudia: EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

CAFek bere historiako kontraturik handienetako bat lor dezake, 3.500 milioi eurokoa, SNCB Belgikako tren zerbitzuak flota berria fabrikatzeko eta hornitzeko "preferred bidder" (lehentasuna duen aukera) gisa hautatu baitu.

CAFek ohar baten bidez jakinarazi duenez, balizko akordioaren arabera, gehienez 170.000 plazako unitate-kopurua litzateke. Hasierako oinarrizko konpromisoa 1.695 milioi eurokoa da (50.000 plazako unitate-kopurua), azkenean akordioa itxiko balitz.

Hala ere, Gipuzkoako enpresako iturriek EFEri azaldu diotenez, kontratua osorik betez gero, 3.500 milioi eurora irits liteke, eta, beraz, konpainiaren historiako handienetako bat izango litzateke.

NMBSren (Belgikako Trenbideen Sozietate Nazionala) zuzendaritza batzordeak baimena eman du "preferred bidder" gisa aukeratutako enpresarekin erosketa prozesuarekin aurrera jarraitzeko, akordioa behin betiko ixteko helburuarekin.

Gainera, Belgikako Gobernuak justifikatu egin du SNCBk CAF aukeratu izana 600 tren egiteko, nahiz eta Frantziako Alstom konpainiak eskaintza merkeagoa aurkeztu eta Belgikan bertan lantegiak izan. Belgikako Charleroi (hegoaldean) eta Brujas (iparraldean) hirietan ditu lantegiak.

Erabakiari, hala ere, helegitea jar diezaiokete, Jean-Luc Crucke Mugikortasun ministro federalak gaur ohar batean gogorarazi duenez.

Gauzak horrela, Belgikako komunikabideek "mendeko kontratutzat" jotzen dutena gauzatzear dago.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Belgika CAF Ekonomia Eguneko albisteak Beasain Albisteak Enpresaburuak