Ekonomia -

AZPIEGITURAK

Donostiako metroak Easo eta Mirakontxa artean izan duen %162ko gainkostua argitzeko eskatu du EH Bilduk

Satorralaia auzo-mugimenduaren datuen arabera, obra horiek 53,2 milioi euroren truke esleitu ziren 2017an, eta 139,8 milioi euroko kostua izan dute azkenean.

Donostiako Metroaren obrak Benta Berrin. Argazkia: EFE
Donostiako Metroaren obrak Benta Berrin. Argazkia: EFE

Donostiako Metroaren obrak Benta Berrin. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Satorralaia auzo-mugimenduak Donostiako metroak Mirakontxa-Easo tartean "% 164ko gainkostua" izan duela salatu ondoren, EH Bilduk gainkostu hori argitzeko eskatu du, Eusko Legebiltzarrean erregistratutako galdera sorta baten bidez.

Donostiako EH Bilduk ohar batean adierazi duenez, "eskandalua" da. Herri elkartearen datuen arabera, duela zortzi urte, 2017an, obra horiek lehen aldiz esleitu zirenean, 53,2 milioi euroren truke esleitu ziren, baina kontratua bertan behera utzi behar izan zen luizien ondorioz, eta bigarren fase bati ekin behar izan zioten. Guztira, 2,1 kilometro horien kostua 139,8 milioi eurokoa izango da, BEZa kontuan hartu gabe.

"Hastapenetatik hiritarren aldetik salatu da sistematikoa izan den opakotasuna, eta, zentzu horretan, EH Bildutik ere kezkaz salatu izan dugu urteotan makroproiektua komunikatzeko erakundeen aldetik, Donostiako Udala zein Eusko Jaurlaritza eta Euskal Trenbide Sarea (ETS), egon den borondate eza infomazioa ez emateko, donostiarron kaltetan. Zenbait kasutan datuak eztutatuz, gainera", salatu dute oharrean.

Hala, EH Bilduk iragarri du Susana Garcia Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburuari zuzendutako galdera sorta erregistratu duela Eusko Legebiltzarrean, eta, horiekin, hasierako aurrekontuarekin eta obren azken kostuarekin edo lanak hasi zirenetik herritarrek jasotako salaketekin lotutako hainbat gai argitzeko eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Politika Donostia Gizartea Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Donostia Topoa