Ekonomia -
EMAITZAK
Iberdrolak 5.612 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu 2024an, aurreko urtean baino % 17 gehiago
Energia konpainiak jakitera eman duenez, 17.000 milioiko inbertsioak (marka historikoa) eragin du irabazien gorakada.
O. A. | EITB Media
Iberdrolak 5.612 milioi euroko mozkin garbia lortu du amaitu berri den urtean eta aurreko urtearekin alderatuta % 17ko hazkundea izan du, inbertsioetan izandako marka historikoak bultzatuta (17.000 milioi euro, % 50 gehiago).
Energia konpainiak Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari ostegun honetan jakinarazi dionez, mozkin gordin operatiboa (Ebitda) % 17 hazi zaio —16 848 milioi euroraino—.
Gainera, inoizko inbertsio daturik onenak izan ditu eta 11.946 milioi eurokoak izan dira azken urtean. Inbertsioak, batez ere, Ameriketako Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan egin ditu, zenbateko osoaren % 70, hain zuzen ere.
Iberdrolak sareen negozioan oinarritu du bere hazkundea eta 11.200 milioi euro inbertitu ditu alor horretan.
Bestalde, Iberdrolak bere sareen bidez inoiz baino elektrizitate gehiago garraiatu du, 238 164 GWh guztira, 2023an baino % 1,9 gehiago.
Konpainiak izandako gorakada horri esker 6.000 lagun gehiago kontratatu ditu azken urtean mundu osoan, eta gaur-gaurkoz 42.200 langile ditu.