Ekonomia -

LAN-GATAZKA

Hiltegiko lan-gatazka bideratzeko asmoz esku-hartzea egitea erabaki du Tolosaldeko Mankomunitateak

Hiru hilabeteko epean, abendutik soldata kobratu gabe dauden langileen lansariak eguneratzea eta hiltegiak hornitzaileekin dituen zorrak kitatzea adostu dute Tolosaldeko eta Goierriko udalek. Horrekin batera, enpresak azken hilabeteetan egindako kudeaketa ekonomikoa aztertuko dute.

Tolosako (Gipuzkoa) hiltegia. Irudia: EITB Media
Tolosako (Gipuzkoa) hiltegia. Irudia: EITB Media

Tolosako (Gipuzkoa) hiltegia. Irudia: EITB Media

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tolosaldeko Mankomunitateak batzen dituen 46 udalek hiltegiko lan-gatazka bideratzeko asmoz premiazko esku-hartzea egitea erabaki zuten, atzo arratsaldean egindako batzarrean. Joan den astelehenetik greba mugagabean dira hiltegiko 11 langileak, abendutik soldatarik jaso gabe daudela salatzeko.

Udalek atzo adostutakoaren arabera, hiru hilabeteko interbentzioa izango da. Denbora tarte horretan, soldata kobratu gabe dauden langileen lansariak eguneratu, hiltegiak hornitzaileekin dituen zorrak kitatu eta enpresaren azken hilabeteotako kudeaketa ekonomikoa aztertuko dituzte.

Bileran adostutakoaren berri emateko, udaletako ordezkaritza batek bilera egingo du langileekin. Jakinarazi dute, oraingoz, grebari eusteko asmoa dutela.

Gaur egun, Incarosa enpresak kudeatzen du Tolosako hiltegia, eta ustiatzeko baimena du beste 10 urterako. 

Gipuzkoako Euskal Nekazarien Batasunak (ENBA) asteon azaldu duenez, enpresak zor handia pilatu du Tolosako Udalarekin eta Tolosaldeko Mankomunitatearekin, urte asko daramatzalako lokalagatik ordaindu beharreko kanona eta alokairua ordaindu gabe.

ELA sindikatuak, bestalde, adierazi du Tolosako hiltegia enpresa pribatu batek kudeatzen duen zerbitzu publikoa dela, eta, hori dela eta, Tolosaldeko Mankomunitateari eskatu dizkio horren gaineko "erantzukizunak". "Zerbitzua kudea dezala, eta ordaindu gabe dauden soldatak ordain ditzala", galdegin dio.

Hiltegi horrek Ormaiztegi eta Andoain arteko herriei ematen die zerbitzua, guztira 75 harakin eta 400 abeltzaini baino gehiagori.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako herriak Gaurko albisteak Gipuzkoa Tolosa gaur Grebak albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nekazaritza albisteak Lan gatazkak Abeltzaintza azken ordukoa