Ekonomia -

EAE-KO HEZKUNTZA PUBLIKOA

Gaurko eta biharko deitutako grebei eutsi diete sindikatuek, Hezkuntzaren azken proposamena baztertuta

Steilas, LAB, ELA eta CCOOren aburuz, zirriborroak ez die euren eskariei erantzuten, eta hala, lanuzteak mantendu dituzte. 27.000 irakasle daude grebara deituta, eta manifestazioak, hiru hiriburuetan (11:30ean).

Irakasleek urtarrilaren 23an egindako manifestazioa. EFE
Irakasleek urtarrilaren 23an egindako manifestazioa.

Irakasleek urtarrilaren 23an egindako manifestazioa. EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Steilas, LAB, ELA, CCOO sindikatuek —EAEko unibertsitatez besteko Hezkuntza publikoko irakasleriaren % 90en ordezkaritza— gaurko eta biharko deituta zeuden grebei eustea erabaki dute Hezkuntza Sailak bezperan egindako azken orduko proposamena errefusatu baitute. Nabarmendu dutenez, zirriborroak ez die euren eskariei erantzuten.

Urtarrilerako eta otsailerako deitutako 12 greba eguneko zikloari ekingo diote, horrenbestez, langileek. Aurrez, garbiketa eta sukaldeko langileen eta Haurreskolak Partzuergoko beharginek ere egin dituzte lanuzteak (azken kolektibo horretan, ordea, otsaileko grebak bertan behera geratu ziren LABek Jaurlaritzarekin akordioa egin baitzuen).

Bi egunotarako, 27.000 irakasle daude grebara deituta. Langileek manifestazioak egingo dituzte Bilbon (Jaurlaritzak Kale nagusian duen egoitzatik), Donostian (Boulevardetik) eta Gasteizen (Bilbao plazatik), denak ere 11:30ean. Ostegunerako, martxa bakarra egingo dute Arabako hiriburuan (11:30ean, Europa Jauregitik abiatuta). 

Ohar batean, Jaurlaritzak negoziazioan izandako jarrera salatu dute sindikatuek, eta "grebak zapuzteko asmoarekin egindako trikimailu eta jarrera onartezinak" alde batera uzteko eskatu diote Hezkuntza Sailari. Euren esanetan, "negoziazio mahaian gaur (atzokoagatik) bizi izan duguna eskandalua da. Jaurlaritza, gehiengoak errespetatu gabe, UGT eta Interinoak sindikatuekin akordioa sinatzen saiatu da lanuzteak bertan behera uzteko".

Hezkuntza Sailaren azken proposamenari dagokionez, ELAk zehaztu du "funtsean, mahai gainean zeuden edukiei" eutsi zaiela, eta adibidez, azaldu du proposatutako soldata igoera ez dela heltzen "urteko soldata gordinaren % 0,5eko igoerara".

Aldarrikapenak

Mobilizazioen bidez, besteak beste, lan-kargak arintzeko, erretiroa aurreratzeko, erosahalmena berreskuratzeko, enplegua egonkortzeko eta bermatzeko, eta lan-osasuna, euskara eta berdintasuna bermatzeko neurrien beharra aldarrikatzen dute sindikatuek. Uste dute Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoa indartu eta inbertsio publikoa handitu behar duela, beharginen lan-baldintzak hobetzeko eta "eskola publikoa erdigunean kokatzeko".

Sindikatuek gogorarazi dute grebara deitutako kolektiboen lan-hitzarmenak iraungita daudela, eta, zehazki, sukalde eta garbiketa langileen hitzarmenak 2009koak direla, eta irakasleenak, 2010koak.

Kolektiboei egokitutako aldarrikapen zehatzak dituzte, baina zazpi eskaera komun adostu dituzte, hala nola "gero eta handiagoak diren lan-kargak arintzeko neurri zehatzak, plantillak gaztetzeko egitasmoa aurrera eramatea erretiroa aurreratzeko, galdutako erosahalmena berreskuratzeko, enplegu publikoa egonkortzeko eta bermatzeko zentro publikoen fusioen eta itxieren aurrean".

Era berean, hezkuntza politikak martxan jartzea eskatzen dute, "hezkuntza-sistema publiko osoa euskalduntzeko, beharginen lan-osasuna zaindu eta bermatuko duten azterlan eta neurri adostuak ezartzeko eta berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzeko".

Jaurlaritzak dionez, ez dituzte greba deialdiak ulertzen, negoziazio mahaiak une oro zabalik egon direlako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB Grebak Euskal Eskola Publikoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak CCOO Steilas Lan gatazkak