Ekonomia -

ZERGA-SISTEMA

Udalen "finantza nahikotasuna" bermatuko duen "zerga-erreforma sakona" eskatu dute EH Bilduko alkateek

EAEko ogasunek aurreikusitakoa baino gutxiago bildu zuten 2024an eta horrek ekarriko du udalek jasotako diruaren zati bat itzuli behar izatea. EH Bilduko alkateek herritarrei zerbitzu publikoak bermatu ahal izateko nahikoa finantzazio izatea eskatu dute.

EH Bilduren alkateen agerraldia, gaur, Donostian. Argazkia: EH Bildu
EH Bilduren alkateen agerraldia, gaur, Donostian. Argazkia: EH Bildu

EH Bilduren alkateen agerraldia, gaur, Donostian. Argazkia: EH Bildu

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko hiru ogasunek aurreikusitakoa baino diru gutxiago bildu zuten zergen bidez 2024an, eta horrek eragin zuzena du udaletan, jasotako "diruaren zati bat itzuli" egin beharko baitute. Gerta daiteke udal-zerbitzuak mantentzeko eta inbertsioak egiteko "zailtasunak" izatea udaletan. Horrek guztiak erakusten du egungo zerga-sistemak "erreforma sakona" behar duela, "sortzen dugun aberastasuna eraginkorrago bildu" eta "modu justuago batean banatzeko".  "Uneotan hizpide dugun zerga-erreformak behar bezain sakona izan behar du".

Salaketa hori egin dute EH Bilduren Azpeitiko, Hernaniko, Donemiliagako, Aguraingo, Zaldibarko eta Otxandioko alkateek, gaur Donostian egin duten agerraldian. Denen izenean, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak hartu du hitza, eta esan duenez, diru-bilketa uste baino txikiagoa izateak bi egitate uzten ditu agerian: "batetik, aurreikuspenak egiteko garaian zuhurtziaz aritzea komeni dela, eta bestetik, udalok jasotako diruaren zati bat itzuli egin beharko dugula". Zehaztu du 2024ko prebisioak ez betetzea neurri handi batean mutualistei itzuli beharrekoagatik izan bada ere, "BEZ zergaren bidez aurreikusitakoa baino gutxiago bildu delako" ere badela. 

Horrekin batera, erantsi du "udal finantzaketa indartzeko garaia" dela, eta "ez kontrakoa egitekoa". "Udalak babestu eta indartu behar dira, zerbitzu publikoak eta herritarren bizitza duinak bermatzeko. Ezegonkortasuna nagusi den garai honetan, herritarrak erdigunean jartzea ezinbestekoa da, eta hori kalitatezko zerbitzu publikoak eta bizi baldintza duinak bermatuz egiten da". 

Era berean, azaldu du "datozen urteotako erronkei aurre egiteko oinarriak orain jarri" behar direla eta oinarri horiek ezinbestean "udal politikak bildu" behar dituztela. Azpeitiko alkateak gogora ekarri du udalak direla "herritarrengandik hurbilen" dauden erakundeak, eta EH Bilduren "konpromiso irmoa" agertu du, "herritarren ongizatea eta bizi kalitate duina" bermatuko dituzten politiken alde. 

2025. urteari begira, ondorengo galdera ere jarri du mahai gainean koalizio abertzaleak: "aurtengorako aurreikuspena iazko bide beretik egin da, baina egungo testuinguru ekonomiko nahasian, ba al dago oinarririk 2025ean diru-bilketa handitu egingo dela jakiteko?".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia albisteak EH Bildu Araba Albisteak Gaur Albisteak Zergak gaur