Ekonomia -

GARRAIO PUBLIKOA

Lurraldebusek eta Euskotrenek inoizko bidaia kopuru handiena zenbatu dute 2024an

Lurraldebusek 28,8 milioi bidaia erregistratu ditu (+ % 8,7), eta Euskotrenek, berriz, ia 54 milioi. Gainera, Lurraldebusek Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin lotuko dituen linea bat martxan jarriko du.

Lurraldebuseko autobusak, artxiboko irudi batean. Argazkia: Lurraldebus
Lurraldebuseko autobusak, artxiboko irudi batean

Lurraldebuseko autobusak, artxiboko irudi batean. Argazkia: Lurraldebus

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lurraldebus Gipuzkoako lurralde osoa bere eta EAEko hiru hiriburuekin lotzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren herriarteko autobus zerbitzuak inoizko urterik onena itxi du, 28,8 milioi bidaiarekin. Zehazki, 2024an aurreko urtean baino 2,3 milioi bidaiari gehiago garraiatu zituen, % 8,7 gehiago.

Hazkundea, gainera, eskualde guztietan gertatu da.

Igoera handiena Goierrin gertatu da (% 15,4), Buruntzaldearen (% 12,5), Tolosaldearen (% 8,4), Oarsoaldea-Bidasoaren (% 8,1), Debagoienaren (% 7,1), Urola Erdiaren (% 6,5) eta Urola Kosta-Debabarrenaren (% 5,3) aurretik.

Bidaia kopuruari dagokionez, Oarsoaldean eta Bidasoan zerbitzua ematen duen Ekialdebus enpresak erregistratu ditu bidaia gehien, 10 milioi baino gehiago. Horren atzetik ageri dira TBH (Buruntzaldea eta Tolosa), 6,6 milioi bidaiarekin, eta Avanza (Debagoiena), 5,5 milioi bidaiarekin.

Donostia-Gasteiz lineak milioi erdi bidaia zenbatu ditu (492.669 bidaia), eta Donostia eta Bilboko aireportuaren arteko lineak % 33,5eko hazkundea izan du, pasa den martxoan Mugi deskontu sistemara batu ondoren.

Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun diputatuaren arabera, garraio publikoko deskontuak luzatu izanak eta zerbitzuak indartzeak eta handitzeak eragin du igoera.

Bestalde, Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin lotuko dituen linea bat martxan jarriko duela iragarri du Lurraldebusek.

Euskotrenek inoizko bidaia kopuru handiena zenbatu du 2024an

Amaitu berri den urtean, Euskotrenek orain arteko marka guztiak hautsi ditu, ia 54 milioi bidaia zenbatu baititu.

Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak gaur goizean emandako datuen arabera, iaz guztira 53.995.283 bidaia zenbatu zituzten Euskotrenek zerbitzua ematen duten tren, metro eta autobus lineatan.

Azken urtebetean, bidaia kopurua % 12,67 hazi da, eta Mugikortasun Jasangarriaren sailburuaren arabera, garraio publikoko deskontuak luzatu eta eskaintza handitzea izan dira gorakada horren arrazoi nagusiak. 

Euskotren taldearen barruan, Gasteizko tranbiak izan du gorakadarik handiena. Guztira, ia 11 milioi bidaia zenbatu dituzte eta tranbia Salburuara zabaldu izana da hazkunde horren arrazoietako bat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Lurraldebus albisteak Garraio komuna gaur Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa Tolosaldea Debagoiena Goierriko albisteak