Ekonomia -

INDUSTRIA

Inoizko fakturazio handiena lortu du makina erremintaren sektoreak 2024an: 2.193 milioi euro

AFM makina-erremintaren klusterrak egindako balantzearen arabera, 2024an eskariak % 23,11 jaitsi ziren. 2025ari begira, fakturazioa "nabarmen" jaistea aurreikusi du eta industria "bideragarria" babesteko deia egin du.

Bi robot makina erremintaren biurteko azokan. Artxiboko argazkia: EFE
Bi robot makina erremintaren biurteko azokan

Bi robot makina erremintaren biurteko azokan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fabrikazio aurreratuaren eta makina erremintaren sektoreak inoizko fakturazio daturik onena lortu zituen iaz. Guztira, 2.193,11 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2024an, aurreko urtean baino % 1,66 gehiago. Hala ere, eskariak % 23,11 jaitsi ziren

AFM makina-erremintaren klusterraren presidente Jose Perez Berdudek eta Xabier Ortueta zuzendari nagusiak ostegun honetan emandako datuen arabera, errekor urtea izanagatik, iazkoa urte "ezberdina" izan zen.

Merkataritza eta ekonomia testuingurua "zaila" izan arren, fakturazioak gora egin zuen 2022ko eta 2023ko eskari zorro handiari esker.

Esportazioak % 1,73 hazi dira azken urtean, 1.639,73 milioi euroraino, eta orain arte ezarritako markak hautsi zituen datuak Lehen aldiz, Mexiko ageri da esportazioen buru, 2023ko zenbakiak bikoiztuz. Ameriketako Estatu Batuak bigarren dira zerrendan, 2023tik % 5 hazita. Txinako esportazioak % 25 hazi dira, baina ohartarazi dute herrialde horretako eskariak jausi egin direla.

2024an erregistratutako eskariei dagokienez, % 23,11 jaitsi dira urtebetean, "bi urtez igoera handiak izan ondoren". Eskarien kasuan, Ameriketako Estatu Batuak, Saudi Arabia, Alemania, Mexiko, Italia, Txina, Turkia, Kanada, Frantzia eta Erresuma Batua daude zerrendako lehen hamar postuetan.

Eskariek azken 12 hilabeteetan izan duten bilakaera ikusita, urte honen amaieran fakturazioa "nabarmen" jaistea aurreikusi du AFMk. Hala ere, jaitsiera ez omen da "dramatikoa" izango.

Bestalde, makina erremintaren sektoreak Europaren ahultasunari (Alemania, Frantzia eta Italia, bereziki), Txinaren protekzionismoari eta Ameriketako Estatu Batuetako ziurgabetasunari aurre egingo beharko diola nabarmendu du AFMk. Testuinguru horretan, "bideragarria" den industria babesteko deia egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Industriaren azken ordukoak