Ekonomia -
MEMORIA
Lan Ikuskaritzak 20.587 jarduketa egin zituen Euskadin 2024an
Ikerketen % 36,47 lan harremanekin lotutakoak ziren, gehienak lan-denboraren kontrolarekin, lanaldiaren erregistroarekin eta lan-baldintzekin.
EITB MEDIA
Iazko Lan Ikuskaritzaren balantzea aurkeztu dute gaur goizean Bilbon, erakunde horrek 2024an 20.587 ikerketa egin zituela jakinarazteko. Ikerketa horien % 52,77 laneko arriskuen prebentzioari buruzkoak izan ziren (10.864).
"Laneko Arriskuen Prebentzioa da Lan Ikuskaritzaren oinarri nagusia, kalitatezko enplegua ez baita ulertzen lana segurua ez bada", nabarmendu du Mikel Torres Lehendakariordeak, eta azpimarratu du funtsezkoak direla "enpresek lan arriskuak prebenitzeko ezarri behar dituzten politikak, Osalanek sustatu eta garatzen dituenak".
Jarduketen kopuru osotik, irregulartasunen bat aurkitu zen kasuen % 34tan, baina horien % 9,25etan bakarrik atzeman zen arau-hausteren bat. Hau da, "ez dugu bereziki zigortzailea den Lan Ikuskaritzarik, lan proaktiboa eta prebentiboa da", zehaztu du Torresek.
Euskadin egindako 20.587 jarduketetatik, % 36,47k lan-harremanekin izan zuten zerikusia, gehienak lan-denboraren kontrolarekin, lanaldiaren erregistroarekin eta lan-baldintzekin. Hain zuzen ere, lanaldiari dagozkion jarduketetatik Ikuskaritzak errekerimenduak egin zituen edo zigorrak jarri zituen kasuen % 64,29an. Hori dela eta, kontu hori "gure lan merkatuan gainditu gabeko ikasgaia" da.
Bestalde, hainbat kanpainatan kontratazio iruzurrari aurre egin ondoren, eraldatutako kontratuen kopurua murrizten joan da pixkanaka. 2024an, Lan Ikuskaritzak 38.806 kontratu berrikusi zituen; horietatik 3.345 kontratu mugagabe eta lanaldi osoko bihurtu ziren, baina kopuru hori areagotu egingo da azken bi talka planen emaitzak lortutakoan.
"Lan Ikuskaritza funtsezkoa da EAEko langileen eskubideak babesteko eta bermatzeko, eta indarrean dagoen legedia zintzo betetzeko", ziurtatu du Torresek. Kontratazioko iruzurraren murrizketan eragina izan du "lan erreformak kontratazioaren arloan eragindako aldaketak, bai eta enpresek neurri hori gero eta gehiago betetzeak ere", nabarmendu du Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak.
"Horregatik da hain garrantzitsua Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritza; izan ere, herritarrei jakinarazten baitie enpresa askok oraindik ere irregulartasun larriak egiten dituztela laneko segurtasunaren eta osasunaren prebentzioan, kontratazioan iruzur egin eta lanaldia ez dutelako betetzen", azpimarratu du.
Mikel Torresek, gainera, iragarri ditu bere sailak ekitaldi honetarako dituen planak. Plan horien artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Ikuskaritzaren Bigarren Kudeaketa Plana idaztea dago. Plan hori izango da zerbitzu publiko hori kudeatzeko hurrengo urteetarako bide-orria. Plan horren bidez, Lanaren Nazioarteko Erakundeak onargarritzat jotzen dituen ratioak beteko dira, hau da, ikuskatzaile bat 11.000 langileko.
Ildo horretan, sailburuak aurreko urteetan sortutako plazak betetzeko konfiantza agertu zuen, eta horrek plantilla % 25 inguru haztea ekarri zuen, hurrengo ekitalditik aurrera konpromiso hori lortzeko behar adina plaza sortu ahal izateko.
Azkenik, Mikel Torresek baieztatu du "Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua atzerritarren lan baimenen tramitazioaren transferentzia laster burutuko" dutela, eta iragarri du datorren astean Transferentzien Batzorde Mistoa egingo dutela "eskumenen eskualdaketa horri baiezkoa emateko, aparteko garrantzia baitu atzerritarrek gure lan merkatuan sartzeko aukera izan dezaten, zenbait sektoretan profesionalen eskasia dagoela egiaztatzen den une honetan", adierazi du lehendakariordeak.