Ekonomia -

GREBA HEZKUNTZA PUBLIKOAN

Sindikatuek % 70ean kokatu dute sukaldari eta garbitzaileen grebaren jarraipena, eta Hezkuntzak, % 33an

LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deituta, greba egin dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarentzat lan egiten duten sukaldari eta garbitzaileek. Langileok 2009tik dute lan hitzarmena iraungita.

Hezkuntzako sukaldari eta garbiltzaileen protesta Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Hezkuntzako sukaldari eta garbiltzaileen protesta Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

Hezkuntzako sukaldari eta garbiltzaileen protesta Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarentzat lan egiten duten 1.000 bat sukaldari eta garbitzaileen % 70ek baino gehiagok bat egin dute euren arloan gaurko deituta zegoen lanuztearekin, LAB, ELA eta CCOO sindikatuen arabera. Aldiz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak % 33,5ean kokatu du datua.

Aurreko lanuzteetan bezala, deitzaileek salatu dute Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" izan direla. Esan dutenez, "irizpide neurrigabeak ezarriz, kolektibo honen greba eskubidea baldintzatu nahi izan dute". "Grebek eta mobilizazioek izandako babesak argi erakusten du langileek grebetan jarraitzeko indarra daukatela edukiak lortu arte", erantsi dute zentralek.

Gaur, ehunka langilek elkarretaratzeak egin dituzte Hezkuntza Sailak EAEko hiru hiriburuetan dituen ordezkaritzen aurrean, eta biharko ere, lanuzteaz gain, Lakuaren atarian protesta dago deituta, 11:30ean.

Negoziazioa

Urtarrilaren 30eko eta 31ko greben ondoren, gaurkoa Hezkuntzako garbitzaileen eta sukaldarien hirugarren greba eguna da, lan-baldintza hobeagoen defentsan. 2009tik dute hitzarmena berritu gabe dute.

Sindikatuak ziurtatu duten Hezkuntza Sailarekin zabalik duten negoziazioan akordioa "urrun" dagoela.  "Urtarrileko greben ostean negoziazio mahaiak deitu ditu Hezkuntza Sailak. Bilera hauetan, grebek behartuta zenbait eduki mahai gainean jartzen hasi da, baina grebetako aldarrikapenei erantzuten dieten proposamenak jorratzetik eta ekartzetik urrun dago", azaldu dute. Hurrengo bilera martxoaren 6an dute.

Aldarrikapenak

Besteak beste, hauek dira sindikatuen aldarrikapenak: jantokietako bazkaltiarren ratioak hobetzea eta lan-zamak arintzea eta lan-orduak murriztea garbiketan. Gainera, plantilla gaztetzeko planak eskatu dituzte, erretiroa aurreratzeko. Halaber, galdutako erosahalmena berreskuratzeko, ordezkoen lan-baldintzak hobetzeko eta euskara, berdintasun eta osasun planak garatzeko eskatu dute.

Unibertsitatez kanpoko Hezkuntza publikoan deitutako greba zikloak jarraipena izango du datorren astean. Otsailaren 26an eta 27an irakasleen txanda izango da. LABek Haurreskolak Partzuergoan lortutako akordioaren ondotik, berriz, otsailaren 12 eta 13rako aurreikusitako grebak bertan behera gelditu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak ELA Langile Abertzaleen Batzordeak Grebak gaur EAE albisteak Greba Euskal eskola publikoan Ekonomia berriak Albisteak Gaur Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak CCOO sindikatua Lan gatazkak albisteak gaur