Ekonomia -
ENERGIA
Petronorrek 2028an jarriko du martxan 100 MW-eko elektrolizagailua, 260 milioi euroko inbertsioa eginda
Gainera, 2030erako 70 kilometroko hidrobidea eraikitzea aurreikusten du, industria sektoreko enpresak hornitzeko asmoz.
agencias | eitb media
Petronorrek, Repsolen filialak, 2028ko erdialdean jarri nahi du martxan 100 MW-eko elektrolizagailua, eta proiektuaren lehenengo harria irailean altxatuko du. Europako Batzordeak estrategikotzat jotako proiektu horrek Europako funtsen 160 milioi euroko laguntza du, eta guztira 260 milioi euroko inbertsioa izango da.
Era berean, konpainiak iragarri du Muskiz Aiaraldearekin lotuko duen 70 kilometroko hidrobide bat eraikiko duela, deskarbonizazio prozesuaren baitan, industria arloko enpresei hidrogeno berdea eramateko. Proiektu horretan Nortegasekin arituko da lankidetzan, eta Enagasek Espainian osatuko duen garraio sarea baliatuko du, Petronorren instalazioetan zehar igarotzeko.
Hidrobidea 2030erako prest egotea aurreikusten du Petronorrek, eta asmoa da Arcelor, Sidenor, Celsa, Tubacex eta Vidralaren pareko lantegiak lotzea, 100 MW-eko elektrolizagailuak ekoitzitako hidrogenoaz hornitzeko. Izan ere, Jose Ignacio Zudaire Petronorren kontseilariak gogorarazi duenez, sektore horretako enpresek pilatzen dute EAEko karbono isuriaren % 60.
2028ko erdialdean Petronorrek guztira 112,5 MW sortuko ditu Bilboko Portuan, findegian eta Abantoko parkean aurreikusitako hiru elektrolizagailuekin, eta ondoren iritsiko da hidrobidea, argindarrarekin deskarbonizatu ezin diren findegiei, siderurgiari eta fundizioei laguntzeko.
Karbono zama txikia duten ekimenak gauzatzeko proiektuen artean, bestalde, Petronorrek erregai sintetikoen lantegi bat jarri nahi du martxan 2026an, eta horretarako 100 milioitik gorako inbertsioa egingo du. Era berean, espero dute Bilboko portuko mineralizazio lantegia ere datorren urtean martxan egotea.