Ekonomia -
Amurrio
Tubos Reunidosek labeetako bat itzali du matxura baten ondorioz
Arazoa konpondu bitartean, bi aukera eman dizkie kaltetutako 250 langileei: lanorduen erdia aurrerago berreskuratzea edo aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea aurkeztea.
EITB MEDIA
Tubos Reunidosen Amurrioko lantegiak labeetako bat itzali du matxura baten ondorioz, enpresak berak atzo langileei premiazko bilera batean jakinarazi zienez.
Arazoa konpondu bitartean, kaltetutako 250 langileei bi aukera jarri dizkie mahai gainean enpresak. Batetik, lanorduen erdia aurrerago berreskuratzea proposatu die lanera joan ezin diren beharginei. Bigarren aukera, berriz, aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat aurkeztea litzateke.
Oraindik ez dago ezer erabakita; izan ere, bihar bilduko dira zuzendaritza eta enpresa-batzordea gai horri buruz jarduteko.
Labea itzaltzeko erabakia, enpresaren arabera, matxura konpontzeko asmoarekin hartu dute, "lau egun igaro behar direlako hoztu arte". Hoztu ondoren sartu ahal izango dira labe barrura matxuraren jatorria zein den ikusteko.
Bestalde, sindikatuek adierazi dute gaur gaueko txandan ez dutela jada lanik egingo, eta kaltetutako langileak ez direla gutxienez larunbat arratsaldera arte beren lanpostuetara itzuliko.