Ekonomia -
MOBILIZAZIOA INDUSTRIAREN ALDE
Milaka lagun elkartu dira Iruñean Nafarroako industriaren etorkizunaren defentsan
Nafarroako Volkswagen, Nano Automotive, Siemens-Gamesa, Sunsundegui, BSH, Tasubinsa eta Tenerias Omegako enpresa-batzordeek deitu dute mobilizazioa. Industria Legea baliatuz, deslokalizazioen eta itxieren kontrako "bermeak" ezartzeko eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
4.000 pertsona inguru bildu dira, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera, gaur eguerdian Iruñean, Volkswagen Nafarroa, Nano Automotive, Siemens-Gamesa, Sunsundegui, BSH, Tasubinsa eta Tenerias Omegako enpresa-batzordeek deitutako manifestazioan, Foru Erkidegoko industriaren etorkizuna defendatzeko aldarria kalera ateratzeko.
Nano Automotive itxi egin dute, BSHk ekainerako du itxiera data, Sunsundegui hartzekodun konkurtsoan dago, kaleratzeak iragarri ditute Siemens Gamesan, Tenerias Omega ere ixtekoak dira... Hori guztia ikusita, enpresa-batzordeek dei egin diote Nafarroako Gobernuari legedi "bermatzaile" bat ondu dezan "deslokalizaziorik izan ez dadin eta enpresa batek bere jarduera edozein modutan eten ez dezan".
Mobilizazioa 12:00ak pasatxo zirenean abiatu da Europa plazatik, "Nafarroako industriaren alde" lelopean. Manifestazioa deitu duten enpresa-batzordeen aldarrikapenak jaso dituzten hainbat pankarta ere ikusi dira bertan. Baiona etorbidea, Armada etorbidea, Nafarroa Beherea, Karlos III.a igaro eta Gazteluko plazaraino heldu den ibilbidean, besteak beste, aldarri hauek oihukatu dituzte: "Industriarik gabe ez dago etorkizunik", "Langile kaleratua, patroia zintzilik" eta "Ez gara zenbakiak, familiak gara".
Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, Juanjo Hermoso de Mendoza BSHren Eskirozko enpresa-batzordeko presidenteak, deitzaileen ordezkari gisa, nabarmendu du industria-sektorea "funtsezkoa" dela "Nafarroaren garapenean eta ongizatean", eta "jende asko ordezkatzen du, beste jarduera sektore batzuen aktibazio ekonomikoa bultzatzen duelako".
Horren esanetan, gaur egun 2.000 lanpostu daude kolokan Nafarroan.
Hermoso de Mendozaren arabera, "langile-klasea da enpresek duten aktiborik handiena", eta laguntza publikoak jasotzen badituzte, "langile-klasetik ere ateratzen dira ekarpenak". Hori dela eta, "bizitza-proiektuak garatzeko aukera emango digun 'itzultze soziala' bermatu behar da, proiektu industrialak mantenduz, lanpostuak mantentzeko konpromisoa barne".
Gauzak horrela, zazpi batzorde deitzaileek "legedia bermatzaile bat artikulatzeko ekarpen eraikitzaileak" eskatu dizkiete eragile politikoei, "Industria Legearen bidez, eta Nafarroan indarrean dagoen deslokalizazioaren aurkako legea hobetuz". "Nafarroako industriaren etorkizuna zaindu behar da", erantsi dutenez.
Ildo horretan, "enpresak gizarteari itzulera bat egiteko konpromisoa egon behar da", horren aburuz, eta Foru Gobernuari eskatu dio "benetan bermatzailea den legedia bat artikulatzeko, deslokalizaziorik gerta ez dadin eta enpresa batek bere jarduera edozein modutan eten eta langileak babesgabetasunean zein erabateko abandonuan utzi ez ditzan".