Ekonomia -
Euskal Industria
Talgo eta Sidenor, euskal industriaren bi erraldoi
Lehenengoa erreferentea da tren-sektorean; bigarrena, berriz, liderra siderurgian.
EITB MEDIA
Sidenor buru duen euskal partzuergoak Talgoren % 29,77 erosiko du, akzioko bost euro ordainduta, Pegaso sozietatearekin aurreakordioa lortu ondoren.
1942an Alejandro Goicoechea ingeniari arabarrak eta Jose Luis Oriol enpresariak sortutako enpresa, Talgo (Tren Articulado Ligero Goicoechea Oriol), tren-sektoreko erreferente bihurtu da nazioartean. Horren teknologiak tren-garraioa irauli zuen, bagoiak artikulatzeko sistema berezia, grabitate-zentro baxua eta gurpil independenteak baliatuta, tren arinagoak, errailetik irten ezinak, bibraziorik gabeak eta energia kontsumo txikiagokoak asmatu baitzituen.
Horren modelo ezagunenen artean honako hauek daude: Talgo III, Espainiako trenbide-garraioaren modernizazioan aitzindaria; Talgo 350, Espainiako AVE abiadura handiko trenen parte dena; eta Avril, gaitasun eta eraginkortasun handiagoko abiadura handiko merkaturako egin duen apustu berriena.
Gaur egun, Madrilgo Las Rozas udalerrian du egoitza soziala Talgok. 500 langileko lantegia du bertan, baina lantegi nagusia Rivabellosan du, 700 langile baititu Arabakoan.
Bestalde, egoitza Basaurin duen Sidenor enpresa liderra da automobilgintzan, trenbide-industrian eta eraikuntzan funtsezkoak diren altzairu luze berezien ekoizpenean.
Sidenorrek, bere Iraunkortasun Memoriaren arabera, 2023ko itxieran 1.840 langileko plantilla zuen eta 1.000 milioi euro inguruko fakturazioa, eta bere siderurgia-lantegia Europako aurreratuenetako bat da.
Sidenorren azken operazioa Talgorena izan da, baina iazko abenduan Eplus eskuratu zuen, txatarra industrialean espezializatutako enpresa katalana. Sidenorrek berak adierazi zuen erosketa hori hazkunde jasangarriaren eta industria-taldearen sendotzearen aldeko apustuaren barruan sartzen zela.
Ildo horretan, sektore horri lotutako beste hainbat operazio egin zituen: 2024an bertan erosi zuen Miguel Martín, egoitza Fuenlabradan (Madril) duen txatar-konpainia, eta, aurretik, 2022an, Aguilar Metal Recycling (AMR) erosi zuen, txatar industrialetan espezializatuko eta Sagunton (Valentzia) kokatutako enpresa.
Trilantic funtsari akzioak erosi ondoren, Sidenor buru duen euskal partzuergoak izango du Talgoren partaidetzarik handiena (akzioen % 29,8), ondoren Oriol familia (% 7,7) eta TorrBlas (% 5,04). Torrealek (Abelló familia), berriz, % 3,5eko partaidetza izango du. Gainerako % 54,93ak beste akziodun txiki batzuen esku jarraituko dute.