Ekonomia -

Talgo

Talgo erostea "herri mailako apustu industriala" dela nabarmendu du lehendakariak

EH Bilduk, bere aldetik, txalotu egin du "euskal finantza-sistema behar bezala" erabili izana "lurraldean enpresa estrategiko bat errotzeko".

Imanol Pradales lehendakaria, artxiboko irudi batean. EITB
Imanol Pradales lehendakaria, artxiboko irudi batean. EITB

Imanol Pradales lehendakaria, artxiboko irudi batean. EITB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sidenor buru duen euskal partzuergoak Talgo erosi izanak poza zabaldu du EAEko politika munduan, bai Eusko Jaurlaritzan, bai oposizioko taldeetan.

Horren harian Imanol Pradales lehendakariak adierazi duenez, Talgo "Euskadira erakarri eta hemen errotzeko operazioa albiste bikaina da gure ekonomiarentzat eta Arabako eta Euskadiko industria enpleguarentzat".

Era berean, "euskal finantza-gaitasunak lerrokatuz, gure herriarentzat estrategikoak diren industria-proiektuak gauzatu ditzakegula erakusten du", horren iritzian.

Lehendakariaren esanetan, euskal partzuergoaren eskaintzak "gaitasuna erakutsi du aurkariekin lehiatzeko, kapital publiko eta pribatua mobilizatzeko herri mailako apustu industrial batean".

"Funtsezko urratsa da gure industria enplegua eta ehuna indartzeko, eta herri gisa hazten jarraitzeko", azpimarratu du.

Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua, bere aldetik, pozik agertu da akordioarekin, eta "orain ospakizunetarako unea da", erantsi du.

Gainera, txalotu egin du operazioak "paradigma aldaketa" ekarri izana: "Orain, gu gara, gure kapital propioarekin, atzerriko kapitala kanporatzen ari garenak".

"Industriaren eta errotzearen alde euskal partzuergoko kide guztiok erakutsi dugun konpromisoa mantendu egingo da, eta gauza gehiago ere egingo ditugu", iragarri du.

Bestalde, Pello Otxandiano EH Bilduren bozeramaileak azaldu du "begi onez" ikusten dutela operazioa, eta Eusko Jaurlaritzak BBKrekin eta Vitalekin batera babestu izana "albiste ona" dela esan du.

"Bereziki balioesten dugu euskal finantza-sistema behar bezala erabiltzea lurraldean enpresa estrategiko bat errotzeko", adierazi du, eta gaineratu du "funtsezkoa" dela "industria estrategikoen jabetza atzerriko eskuetan ez erortzea, eta gobernuek eta finantza erakundeek euren egonkortasuna bermatzea".

"Funtsezkoa da Euskal Herriko enpresa-sarean kalitatezko enpleguari eutsi eta berau sustraitzea, nazioarteko inbertsio-funtsen edo espekulazio-agenteen interesen menpe egotea saihestuz", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Imanol Pradales