Ekonomia -
Talgo
Talgo Euskadin geratuko da: Sidenorrek hartuko du haren kontrola, azken minutuan eskaintza hobetu eta gero
Sidenorrek, Eusko Jaurlaritzak, BBK-k eta Vital Kutxak osatutako euskal partzuergoak eskaintza hobetu egin behar izan du azken minutuan, akzio bakoitzeko 5 euro eskaintzeko, Trilantic funtsak nahi bezala.
EITB Media
Ofiziala da jada: Talgo Euskadin geratuko da. Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidentea buru duen euskal partzuergoak aurreakordioa lortu du tren-ekoizlearen % 29,7 erosteko, aldeek Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) baieztatu diotenez.
Hain justu, gaur bukatu da Trilantic funtsak Talgon duen parte-hartzea (% 29,77) erosteko interesa dutenei eskaintzak egiteko emandako epea.
Jainagak egindako eskaintzak Finkatuz EAEko funts publikoaren eta BBK eta Vital fundazioen babesa du. Akordioaren arabera, akzioko 4,15 euro ordainduko dituzte, eta horri 0,85 zentimoko aldagarria gehitu beharko zaio, hainbat baldintza betez gero.
Otsailaren 6an, Sidenorrek 0,65 euroko aldagarria eskaini zuen. Horrenbestez, kopuru hori igo behar izan du azken orduan, Trilanticek eskatutakoa (akzioko 5 euro) eskaintzeko.
Orain, aldeen gobernu organoek oniritzia eman beharko diote aurreakordioari.
Aurreakordioa itxi eta gero, Sidenorrek txalotu egin du "trenen sektorean puntako teknologia duen konpainia estrategiko batek" Euskadin jarraitzea. Are gehiago, operazioak atea irekiko du Talgoren egoitza soziala EAEra itzultzeko (gaur egun Madrilen dago).
Euskal partzuergoak Magyar Wagon Hungariako enpresa eta Jupiter Wagons Indiako tren-fabrikatzailea izan ditu aurkari Talgo erosteko prozesuan, baina zenbait hedabidek publikatu dutenez, Espainiako Gobernuak galarazi egin die operazioa, "segurtasun nazionaleko arrazoiak" argudiatuta.
Sidenorrek Trilanticen parte-hartzea erosita, Talgoren beste zati bat beste akziodun batzuen esku egongo da, eta baliteke hor salmentarako bigarren aukera bat zabaltzea.
Talgo, jatorriz, euskal enpresa da, eta lantegi handiena Ribabellosan du; 700 beharginek egiten dute lan Arabako lantegian. Bestea Las Matasen du, Madrilen, eta 500 langile ditu.
Sidenor, bere aldetik, liderra da altzairu luze berezien ekoizpenean, eta kalibratze-produktuen hornitzaile garrantzitsuenetakoa da Europan. Basaurin du egoitza, baina lantegiak ditu Kantabrian eta Katalunian ere, eta ordezkaritza komertzialak ditu Alemanian, Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan.