Ekonomia -

Etxebizitza

Gutxienez EAEko bost udalerrik eremu tentsionatu izendatzeko prozedura hasiko dute hilabete honetan

Galdakaok gaur hasi du bidea, eta Denis Itxasok iragarri du Irunek, Barakaldok, Zumaiak eta Lasarte-Oriak ere "berehala" hasiko dutela prozedura, eta "Donostiak ere aurki". 

Galdakaoko udaletxea
Galdakaoko udaletxea

Galdakaoko udaletxea

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak prozedura abiatu du gaur Galdakaoko 2. barrutia eremu tentsionatu izendatzeko. Horrek mugatu egingo ditu etxebizitzen alokairuen prezio igoerak.

EAEko Aldizkari Ofizialean agindua argitaratu denetik, 20 eguneko epea dago prozedura arrazoitzen duten ikerketa eta memoria publikoki aurkezteko, eta ondoren iritsiko da alegazioak egiteko tartea.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eman du agindua gaur, ostiralarekin. Horren arabera, Agirre, Aperribai, Azpuru, Olabarrieta, Txistulanda, Aperribai-Zaharra eta Jugu auzoak gune tentsionatu izendatuko dituzte, Galdakaoko Udalak eskatuta.

Bestalde, Itxasok aurreratu du Galdakao ez dela izango otsailean tramiteak abiatuko dituen udalerri bakarra, Irunen, Barakaldon, Zumaian eta Lasarte-Orian ere "berehala" hasiko baitituzte, eta "Donostiak ere aurki". 

Bada, apirilerako EAEko Aldizkari Ofizialak udalerri horien izendapenak argitaratuko ditu. Hain zuzen ere, EAEko biztanleen % 20 bizi dira udalerri horietan.

Guztira, 43 udalerrik (hiru hiriburuak tartean) betetzen dute eremu tentsionatu izendatzeko baldintzetako bat, eta biztanleriaren % 68 bizi dira horietan.

Errenteria eremu tentsionatua da dagoeneko

Estatuko Aldizkari Ofizialak urtarrilean argitaratu zuen Errenteria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu deklaratzen duen ebazpena. Horrenbestez, alokairu prezioei eusteko neurriak planteatzen dituen adierazpen hori izango duen EAEko lehen udalerria da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Galdakao Bizkaia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Etxebizitza