Ekonomia -
KPI
Prezioak hamarren bat igo dira Euskadin urtarrilean, eta urteko tasa % 3,5ekoa da
Estatistikako Institutu Nazionalak % 3an kokatu du Nafarroako KPI urtarrilean, Estatuko batez bestekoa ( % 2,9) baino hamarren bat gorago.
Agentziak | EITB MEDIA
Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) % 0,1 igo da urtarrilean Euskadin, aurreko hileko datuekin alderatuta, eta % 3,5 igo da 2024ko lehen hilabeteko datuekin alderatuta, Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) ostiral honetan argitaratutako datuen arabera.
Etxebizitza da Euskal Autonomia Erkidegoan prezioen hazkunderik handiena izan duen sektorea, % 4,8 igo baita urtarrilean, eta % 8,8, berriz, urtebetean.
Espainiako Estatu osoan, KPIa % 0,2 igo zen urtarrilean, aurreko hilekoarekin alderatuta, eta urtearteko tasa % 2,9ra iritsi zen. Erkidegoen artean, urtearteko tasarik handienak EAEkoak (% 3,5), Balearretakoak (% 3,4) eta Aragoikoak (% 3,2) dira. Beste muturrean daude Kanariak (% 2,1), Murtzia (% 2,3) eta Errioxa (% 2,7).
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, urtearteko KPIa % 3,8an kokatu da Gipuzkoan, % 3,4an Bizkaian eta % 3,2an Araban.
Abenduarekin alderatuta, KPIa % 0,4 igo da Gipuzkoan, bi hamarren jaitsi da Bizkaian eta % 0,1 igo da Araban.
Bestalde, Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak Nafarroako KPIa % 3an kokatu du urtarrilean, Estatuko batezbestekoa (% 2,9) baino hamarren bat gorago.
Aurreko hilabeteko datuekin alderatuta, prezioak % 0,2 merkatu dira Foru Erkidegoan, datu horien arabera.