Ekonomia -
TALGO
Poloniako PFR funtsak ziurtatu du ez duela ezer erabakita Talgoren akzioak erosteko eskaintzari buruz
Poloniako hainbat hedabidek goizean zabaldu dute Poloniako Garapenerako Funtsak Talgoren akzioak erosteko eskaintza publikoa egingo duela ostirala baino lehen, baina ordu gutxira informazio hori gezurtatu egin du PFRk.
EITB MEDIA
Poloniako Garapenerako Funtsak (PFR, ingelesezko siglak) oharra igorri dio Balore Merkatuaren Batzordeari, ziurtatzeko oraindik ez duela Talgoren akzioak erosteko eskaintza publikoa aurkeztu eta ez duela gaiaren inguruan erabakia hartuta.
Modu horretan, PFRk goizean hainbat hedabidek zabaldutako informazioak gezurtatu egin ditu. Horien arabera, ostirala baino lehen aurkeztuko du Poloniako funtsak Talgo bereganatzeko eskaintza publikoa.
Albiste hori zabaldu eta berehala, Talgoren akzioen balioak % 6 egin du gora burtsan —akzioko 4,34 euroraino—, eta, hori ikusita, PFRk Baloreen Merkatuaren Batzordeari bere asmoen berri ematea erabaki du.
Joan den astean, Jose Antonio Jainaga Sidenorren presidenteak hobetu egin zuen Talgoren % 29,9 erosteko bere eskaintza, BBK-k, Vital Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak operazioarekin bat egin eta gero. Hain zuzen ere, Jainagak akzio bakoitzeko 4,15 euroko eskaintza aurkeztu zuen, 0,65 zentimoko aldagarri gehigarriarekin.
Magyar Vagon Hungariako taldeak ere azaldu zuen interesa Talgo tren konpainiaren akzio guztiak erosteko. Eskaintza publikoa aurkeztu zuen iaz, ofizialki, akzioko ia 5 euro eskainita, baina Espainiako Gobernuak betoa jarri zion.
Egun, hainbat arrazoi tarteko, Sidenorren eskaintza da Espainiako Gobernuak lehenetsiko lukeena. Atzo, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak esan zuen Trilanticekin negoziatzen ari direla eta joan den astean eskaintza aurkeztu zutenean baino "askoz gertuago" daudela akordiotik.
Gaur egun, Talgoren akziodun nagusia Pegaso da —Trilantic funtsak, Abello familiak eta Oriol taldeko kide batzuek (Talgoren sortzaileak) osatzen duten sozietatea—, eta kapitalaren % 40,2 dute. Britainiako Trilantic funtsak bere akzioak (% 29,8) saltzeko asmoa azaldu zuenean hasi zen eskaintza-oldea.