Ekonomia -

MUGA-ZERGAK

Cebek patronalak "batasuna" eskatu dio Europari, AEBk iragarritako muga-zergen aurrean

Trumpek iragarritako politikek munduko merkataritza eszenatokia hankaz gora jarri duten garaiotan, kezka agertu du Bizkaiko enpresaburuen elkarteak. Mehatxuei irmo erantzun behar zaiola esan du patronalak, baina gerra komertziala abiatu gabe.

Cebek elkarteko ordezkariak, gaur, Bilbon. Argazkia: EFE
Cebek elkarteko ordezkariak, gaur, Bilbon. Argazkia: EFE

Cebek elkarteko ordezkariak, gaur, Bilbon. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Industria sektoreak mundu mailan bizi duen ziurgabetasunaren aurrean kezkatuta agertu da Cebek Bizkaiko Enpresarien Konfederazioa, eta Donald Trump AEBko presidenteak iragarritako muga-zergen aurrean bat eginda erantzuteko eskatu dio Europari.

2025eko aurreikuspen ekonomikoen berri emateko Bilbon egin duten prentsaurrekoan, Carolina Perez Toledok eta Francisco Javier Azpiazuk, Cebeken presidenteak eta idazkari nagusiak, hurrenez hurren, hitz egin dute. Biek ala biek defendatu dute Trumpen mehatxuei irmo erantzun behar zaiela, baina gerra komertzialik abiatu gabe. Hau da, esan dutenez, muga-zergei ez zaie muga-zergekin erantzun behar. Akordioak bilatzearen alde agertu dira. "Politika protekzionistek kalte egiten diote ekonomiaren eta enpresen garapenari".

Azpiazuk ohartarazi du altzairuari eta aluminioari % 25eko muga-zergak ezartzeak euskal enpresa sare osoa kaltetuko duela, hornitzaile txikiak barne, eta nabarmendu du horri aurre egiteko neurriak berehala ezartzea premiazkoa dela. Hala, zuhur bezain irmo jokatzeko eskatu dio Europari.

Erantsi duenez, Bizkaiko enpresak dagoeneko elkarrekin lanean ari dira, Trumpen iragarpenei nola erantzun erabakitzeko. Oraingoz "mehatxuak" baino ez direla esan duen arren, adierazi du "prest" egotea oso garrantzitsua dela.

Agertoki horrekin, baikortasun zuhurra agertu du Cebekek 2025eko bilakaerari begira. Trumpen politikak bakarrik ez, Alemaniaren eta Frantziaren moteltzearekin ere kezka agertu du patronalak.

Eman dituzten datuen arabera, 2024ean % 0,9 jaitsi zen jarduera industriala Bizkaian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia CEBEK Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak