Ekonomia -

TALGO EROSTEKO ESKAINTZA

Talgok % 4 egin du gora burtsan, Poloniako Garapenerako Funtsak akzioko 5 euroko eskaintza aurkeztu atarian

Poloniako FPR funtsaren eskaintza baieztatzen bada, Sidenorrena baino hobea litzateke. BBK-k, Vital Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak operazioarekin bat egin eta gero, akzioko 4,8 euro eskaini baitzituen Jose Antonio Jainaga Sidenorren presidenteak.

Talgo tren ekoizlearen lantegi bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Talgo tren ekoizlearen lantegi bat, artxiboko irudi batean

Talgo tren ekoizlearen lantegi bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Talgoren akzioek % 4 egin dute gora burtsan gaur goizean, 4,29 euroraino, Poloniako Garapenerako Funtsak Talgo erosteko aste honetan egin nahi duen eskaintzaren atarian. DGP Poloniako hedabidearen arabera, tren ekoizleak akzioko 5 euroko eskaintza egingo du.

Poloniako Garapenerako Funtsaren (PFR) eskaintza baieztatzen bada, Sidenorrek aurkeztutakoa baino hobea litzateke. BBK-k, Vital Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak operazioarekin bat egin eta gero, Jose Antonio Jainaga Sidenorren presidenteak akzio bakoitzeko 4,15 euroko eskaintza aurkeztu zuen, 0,65 zentimoko aldagarria gehituta (4,80 euro, guztira) Talgoren akzioen % 29,8ren truke.

Britainiako Trilantic funtsak bere akzioak (% 29,8) saltzeko asmoa azaldu zuenean hasi zen eskaintza-oldea.

Talgo osorik bereganatzeko eskaintza egingo duela baieztatu du azken egunetan Poloniako Garapenerako Funtsak. Bertako hedabideen arabera, akzioko 5 euroko eskaintza publikoa aurkeztuko du aste honetan. Magyar Vagon Hungariako taldeak diru hori bera jarri zuen iaz mahai gainean Talgo erosten saiatzeko, baina Espainiako Gobernuak betoa jarri zion.

Gaur egun, Talgoren akziodun nagusia Pegaso da —Trilantic funtsak, Abello familiak eta Oriol taldeko kide batzuek (Talgoren sortzaileak) osatzen duten sozietatea—, eta kapitalaren % 40,2 dute. Atzo, Pegasok Talgon dituen hiru kontseilariek dimisioa eman zuten, konpainiaren balizko salmenta-operazioan interes talka ekiditeko.

Hain zuzen ere, datorren ostiralean (otsailak 14) amaituko da Trilanticek Talgon duen akzio-paketeagatik eskaintzak jasotzeko ezarritako epea. Halaber, hainbat iturriren arabera, Indiako Jupiter Wagons fabrikatzailearen eskaintza espero da hurrengo egunotarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Ekonomia berriak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Enpresak Industria gaur Zer gertatu da gaur Varsovian?