Ekonomia -
TALGO
Talgoko hiru kontseilarik dimisioa eman dute, konpainiaren balizko salmenta-operazioan interes talka ekiditeko
Tren fabrikatzailearen akzioak erosteko hainbat enpresak mahai gainean jarritako eskaintzen arteko lehia betean iritsi dira dimisioak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Talgo konpainiako Administrazio Kontseiluko hiru kontseilarik dimisioa eman dute, konpainiaren balizko salmenta-operazioan interes talka ekiditeko. Dimisioak berehalakoak eta atzeraezinak dira. Tren fabrikatzaileak gaur eman die horien berri Baloreen Merkatuaren Batzordeari.
Javier Bañon, Javier Fernando Olascoaga eta Pedro Manuel del Corro Garcia-Lomas kontseilariek aurkeztu dute dimisioa. Pegasok jakitera eman duenez, interes talka ekidin nahi dute. Izan ere, besteak beste, Pegasok Talgon dituen akzioen salerosketa negoziatu beharko du Administrazio Kontseiluak, eta kontseilariok bertan egoteak gatazka eragin dezake.
Egoera horren aurrean, Talgok azaldu du zuzendaritza taldea berregituratzeko "beharrezko neurriak" hartuko dituela, "konpainiaren kudeaketaren jarraikortasuna bermatzeko".
Tren fabrikatzailearen akzioak erosteko hainbat enpresak mahai gainean jarritako eskaintzen arteko lehia betean iritsi dira dimisioak. Atzo bertan baieztatu zen Poloniako Garapenerako Funtsak (PFR siglak, ingelesez) Talgo bereganatzeko eskaintza egingo duela. Eskaintza onartzekotan, akzioen % 100 erosteko eskaintza publikoa egingo luke.
Joan den astean, berriz, Jose Antonio Jainaga Sidenorren presidenteak hobetu egin zuen Talgoren % 29,9 erosteko eskaintza, BBK-k, Vital Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak operazioarekin bat egin eta gero. Hain zuzen ere, Jainagak akzio bakoitzeko 4,15 euroko eskaintza aurkeztu zuen, 0,65 zentimoko aldagarria gehituta.
Magyar Vagon Hungariako taldeak ere azaldu zuen interesa Talgo tren konpainiaren akzio guztiak erosteko. Eskaintza publikoa aurkeztu zuen iaz, ofizialki, Espainiako Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren aurrean, baina Espainiako Gobernuak betoa jarri zion.
Orain, hainbat iturriren arabera, Indiako Jupiter Wagons fabrikatzailearen eskaintza espero da hurrengo egunotarako.
Gaur egun, Talgoren akziodun nagusia Pegaso da —Trilantic funtsak, Abello familiak eta Oriol taldeko kide batzuek (Talgoren sortzaileak) osatzen duten sozietatea—, eta kapitalaren % 40,2 dute. Britainiako Trilantic funtsak bere akzioak (% 29,8) saltzeko asmoa azaldu zuenean hasi zen eskaintza-oldea.