Ekonomia -
TALGO EROSTEKO ESKAINTZA
Talgo kotizatzen hasi da berriro, Sidenorrek azken eskaintzaren gaineko xehetasunak eman ostean
Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak goizean eten du trenen fabrikatzailearen kotizazioa. Eskaintza berria mahai gainean, jakinarazi du Trilantic funtsak aztertuko duela, bestelako erabakirik hartu gabe.
EITB MEDIA
Talgo enpresa Burtsan kotizatzen hasi da berriro, 13:15ean, goizean goizetik kotizazioa etenda izan ondotik. Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak aginduta etorri da kautelazko etena, bart Sidenorrek Talgoren kapitalaren % 29,9 erosteko beste eskaintza bat egin duela jakin ondoren.
Trenen fabrikatzailearen akzioen salerosketa etenda egon den artean, Jose Antonio Jainaga buru duen konpainiak eskaintza horren xehetasunak azaldu dizkio erakundeari.
Sidenorrek, BBK, Vital Fundazioa eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, akzio bakoitzeko 4,15 euroko eskaintza aurkeztu du, 0,65 zentimoko aldagarria gehituta. Zehazki, operazioan parte hartzeko prest agertu diren lau erakundeek 155 milioi euroko ekarpena egingo lukete: Sidenorrek, Jaurlaritzak (Finkatuz funtsaren bitartez) eta BBK-k 45na milioi eta Vital Fundazioak, aldiz, 20 milioi euro.
Bere aldetik, Trilantic funtsak jakinarazi du eskaintza aztertuko duela nabarmendu du, bestelako erabakirik hartu gabe.
Talgo konpainiaren akzioak 3,975 euroko balioa zuten atzo, merkatuaren itxieran.
"Errotzearen aldeko apustua"
Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua "pozik" agertu zen atzo eskaintzarekin, baina "zuhurtzia" eskatu zuen, "partida amaitu arte". Horren ustez, Talgo erosteko azken eskaintzak agerian uzten du Eusko Jaurlaritzak "industriarekin eta errotzearekin" duen konpromisoa.
Azken txanpa
Trilantic funtsak operazio horren aurrean duen erresistentzia nagusia Jainaga buru duen siderurgia-enpresak eskaintzen zuen hasierako prezioa zen (4 euro), iazko martxoan Hungariako Magyar Vagon enpresak jaurtitako eskaintzatik (5 euro) urrun. Espainiako Gobernuak betoa jarri zion azken horri.
Eskaintza berriak, ordea, akzioko 4,80 euro ordaintzea lekarke, Magyarren 5 euroetatik gertuago eta konpainiaren burtsako kotizazioaren gainetik nabarmen.
Espainiako Gobernuak oniritzia eman die Sidenorren planei, eta, jakina, baita Eusko Jaurlaritzak ere, Talgo EAEn sendotzea ekarriko lukeelako. Enpresa horrek Euskal Autonomia Erkidegoan garrantzi handia du; izan ere, bere bi lantegietatik handiena Arabako Ribabellosa udalerrian du, eta 700 beharginek egiten dute lan. Bestea Las Matasen du, Madrilen, eta 500 langile ari dira bertan.
Magyarren eskaintzaren arabera, funtsak % 29,9ren truke 185 milioi euro jasoko lituzke. Orain, Jainagaren eskaintzak aurrera eginez gero, 150 milioi euro jasoko lituzke.
Gaur egun, Talgoren akziodun nagusia Pegaso da —Trilantic funtsak, Abello familiak eta Oriol taldeko kide batzuek (Talgoren sortzaileak) osatzen duten sozietatea—, eta kapitalaren % 40,2 dute.
Joan den astean bilera bat egin zuten Talgoren presidente Carlos de Palacio Oriolek eta Imanol Pradales lehendakariak. Lehendakariak behin baino gehiagotan adierazi du dagoela tren-fabrikatzaileak eta Sidenorrek konpainiaren etorkizun industriala bermatuko duen akordio bat lortuko dela.
Talgo erosteko lasterketa azken txanpan dago jada. Akziodunek otsailaren 14ra arteko epea eman dute, eskaintza guztiak aztertzeko. Sidenorrez gain, Poloniako Pesa eta Indiako Jupiter Wagons konpainiek ere badute Talgo erosteko interesa.