Ekonomia -

Geltokia

Donostiako Atotxako tren-geltoki berria otsailaren 17an irekiko da

Aldaketa egiteko, otsailaren 15ean eta 16an tren-zerbitzua etengo da eta autobusez emango da zerbitzua.

Donostiako Atotxako geltokiko lanak. Argazkia: EFE
Donostiako Atotxako geltokiko lanak. Argazkia: EFE

Donostiako Atotxako geltokiko lanak. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Atotxako tren-geltoki berria otsailaren 17an jarriko da martxan. Obrak urte amaierara arte egingo direnez, geltokiaren zati bat irekiko da. Geltoki berriari esker, tren-zerbitzua Urumea ibaiaren aldetik egingo da berriro. Aldaketa egiteko, trenen zerbitzua etengo da otsailaren 15ean eta 16an, eta autobus-zerbitzua izango da.

Susana García Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak eman du horren berri, goizean, Atotxako geltokian bertan. Sailburuak jakinarazi duenez, "geltoki berriak sei trenbide eta bost nasa izango ditu; abiadura handirako erabiltzen direnak ohikoak baino luzeagoak dira, 400 metrokoak, eta elektrifikatzeko eta trenbideak jartzeko lanean ari dira".

Azken bi urteetan behin-behinean Tabakalera aldetik zerbitzua eman duen geltokia 7.400 metro koadroko lurpeko atari handi baten parte izango da. Atari horretatik helduko dira bidaiariak aldirietako, erdialdeko eta distantzia luzeko nasetara.

Azpiegitura berriak, gainera, espazio berriak sortuko ditu, Tabakalera ondoko plaza besteak beste. 5.700 metro koadroko plaza izango da.

Donostiakoa abiadura handiko trena (AHT) hartzeko egokitutako lehena izango da.

Jose Antonio Santano Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko estatu-idazkaria ere izan da lanak bertatik bertara ikusten, eta Gasteiz eta Burgos arteko AHTaren tarterik "konplexuena" hiruhilekoa amaitu aurretik lizitatuko dutela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Abiadura Handiko Trena Renfe