Ekonomia -
Mercedes Vitoria
Ramiro Gonzalezen arabera, "Gasteizko Mercedesen lantegiaren etorkizuna bermatuta dago"
Lasai agertu da ahaldun nagusia, Gasteizko nahiz Alemaniako zuzendaritzek "inbertsio planarekin aurrera jarraitzen" dutelako. Plan horren arabera, 1.000 milioi euro bideratuko dituzte lantegia furgoneta elektrikoak ekoizteko moldatzera.
Agentziak | EITB Media
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ostiral honetan baieztatu duenez, "Mercedes-Benzen Gasteizko lantegiaren etorkizuna ziurtatuta dago", eta enpresak behin-behineko enpleguak amortizatzeko hartutako erabakia "neurri puntuala" dela gaineratu du, "ziurgabetasun ekonomikoko boladari" aurre egiteko.
Hedabideei adierazi dienez, ahaldun nagusiak "lasaitasun osoz" jaso du horren berri, Gasteizko lantegiko zuzendaritzak eta Alemaniako egoitza nagusiak "inbertsio-plana garatzen jarraitzen dutelako". Plan horren arabera, 1.000 milioi euro bideratuko dira Arabako fabrika furgoneta elektrikoen fabrikaziora egokitzeko.
"Gasteizko lantegiaren etorkizuna ziurtatuta dago", azpimarratu du Gonzalezek, eta, esan duenez, behin-behineko langileen kontratuak ez berritzea "ziurgabetasun une bati eta salmenta helburuetara iristeko zailtasunari" aurre egiteko "erabaki puntuala" da, bere ustez.
Automobil-enpresaren aurreikuspenen arabera, aurten 124.634 furgoneta ekoitziko dira Gasteizko lantegian, azken ekitaldietako kopururik txikiena, eskariak behera egin duelako.
Datorren martxoan, Euskadiko fabrikarik handienak (5.000 langile inguru ditu) hirutik bira murriztuko ditu lan-txandak, produkzioaren beherakada dela eta. Horrela, otsailaren erdialdetik aurrera, behin-behineko 180 beharginen kontratuak amaituko dira, eta ez diete kontratua berrituko.