Ekonomia -

TENTSIONATUTAKO MERKATUA

Errenteria eremu tentsionatua da gaurdanik

Bertako alkate Aizpea Otaegik gogora ekarri du Etxebizitza Ministerioak ez duela "erreferentzia prezioen indizea" zehaztu, nahiz eta ezinbestekoa izan "bost urte baino gehiago alokatu gabe egon diren etxebizitzen prezioak erabakitzeko".

Errenteria
Errenteria

Errenteria

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuko Aldizkari Ofizialak ostegunean argitaratu zuen Errenteria bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu deklaratzen duen ebazpena. Horrenbestez, alokairu prezioei eusteko neurriak planteatzen dituen adierazpen hori izango duen EAEko lehen udalerria da.

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak zoriondu egin du Errenteriako Udala, X sare sozialean argitaratutako mezu batean, adierazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean sartzeagatik, eta nabarmendu du premiazkoa dela "Gipuzkoa eta Bizkairako erreferentziazko prezioen indizea izatea, laster udalerri gehiago etorriko baitira".

Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak (MIVAU) jakitera eman duenez, bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatu dute Gipuzkoako udalerria, 12/2023 Legearen 18. artikuluan etxebizitzarako eskubidearen alde ezarritakoaren arabera, eta ostiralean sartuko da indarrean.

Izendapen hori hiru urtez izango da indarrean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Eremu horietan izendapena indarrean sartzearekin batera, "eskumena duten administrazioekin eta sektore pribatuarekin lankidetza-formulak sustatzeko neurriak aplikatuko dira, eremu horretan eta inguruan etxebizitza eskuragarrien eskaintza suspertzeko", MIVAUren arabera.

Alkateak kritikatu du ezin direla erreminta guztiak martxan jarri

Errenteriako alkate Aizpea Otaegik ere pozik hartu du Estatuko Aldizkariaren argitalpena, baina "ulerkaitza" iruditu zaio eragozpenak izatea "herritarrentzat hain presazkoa" den gai honekin lotutako erreminta guztiak martxan jartzeko, "Udaletik kanpo dauden erakundeek ez dutelako beren lana egin".

Otaegik adierazi du neurria onartzeak berez ez duela arazoa konponduko. "Etxebizitza oinarrizkoa da herritarrentzat, eta arduraz jokatu behar dugu gure esku dauden lan-tresna guztiak erabiltzeko", esan du.

Horren harian, gogora ekarri du Etxebizitza Ministerioak ez duela "erreferentzia prezioen indizea" zehaztu, nahiz eta ezinbestekoa izan "bost urte baino gehiago alokatu gabe egon diren etxebizitzen prezioak erabakitzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Denis Itxaso Eguneko albisteak Errenteria Albisteak Etxebizitza