Ekonomia -
Industria
Gasteizko Mercedes lantegiko 180 behin-behineko langile kaleratuko dituzte, otsailetik hasita
Enpresak martxoan hirutik bira murriztuko ditu lan-txandak, produkzioaren beherakada dela eta. Horrela, otsailaren erdialdetik aurrera, behin-behineko behargin horien kontratuak amaituko dira, eta ez zaizkie berrituko.
Agentziak | EITB Media
Gasteizko Mercedes Benz enpresak, Euskal Autonomia Erkidegoko lantegirik handienak (5.000 lanpostu zuzen inguru ditu), martxoan hirutik bira murriztuko ditu lan-txandak, produkzioaren beherakadaren ondorioz. Hori dela eta, otsailetik aurrera aldi baterako kontratatuta zeuden 180 langile inguru botako ditu.
Enpresa-batzordak gogorarazi duenez, furgoneten ekoizpenak behera egin du, eta Alemaniako multinazionalaren zuzendaritzak erabaki du 2016ko urritik martxan zegoen gaueko txanda ezabatzea, martxoaren 3tik aurrera.
Neurri horrek aldi baterako 180 langileri eragingo die, Igor Guevara (ELA) batzordearen presidenteak azaldu duenez.
Otsailaren erdialdetik aurrera, behin-behineko langile horiei kontratuak amaituko zaizkie eta ez zaizkie berrituko, eta kaleratuko dituzte, martxoaren 3a baino lehen guztientzako neurria bete arte.
Guevarak nabarmendu duenez, ordea, zuzendaritzarekin izandako negoziazioetan batzordeak enplegu finkoari eustea lortu zuen (4.600 langile inguru), baita plantillako beharginen ordezkapenak egiten dituzten behin-behineko 100 langilek bertan lanean jarraitzea ere.
Ekoizpenaren beherakadak hainbat geldialdi eragin ditu fabrikan, urtarrilaren 11n amaitu zen 24 eguneko azkena.
Automobilgilearen aurreikuspenen arabera, aurten 124.634 furgoneta ekoitziko dira, azken ekitaldietako kopururik txikiena, eskariak behera egin duelako.
Bitartean, Gasteizko fabrika handitzeko lanak abian dira, furgoneta elektriko berria ekoizteko. 2026an merkaturatzeko asmoa dute.