Ekonomia -

Greba hezkuntza publikoan

Hezkuntzako sukaldari eta garbitzailek "behingoz" euren eskaerei erantzuteko eskatu diote Sailari

Sindikatuen arabera % 70ekoa izan da jarraipeana. ELA, LAB eta CCOOren arabera, hainbat eskolatako sukaldetan % 100ekoa izan da eta garbitzaileen artean ere babes zabala espero dute. Eusko Jaurlaritzaren arabera % 33,5ekoa izan da jarraipena.

Bilboko manifestazioa. Argazkia: @ELAsindikatua
Bilboko manifestazioa.

Bilboko manifestazioa. Argazkia: @ELAsindikatua

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarentzat lan egiten duten 1.000 bat sukaldari eta garbitzaileen %70ek egin dute bat gaurko euren arloan deituta zegoen lehen grebarekin, sindikatuen arabera. Eusko Jaurlaritzak % 35ko jarraipena kalkulatu du. 

Lan baldintza hobeagoak eskatzeko langile horiek egiten duten bigarren greba eguna izan da, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deituta oraingo hau ere. 

Eusko Jaurlaritzak bildutako datuen arabera, 199 eskolatako 786 langile zeuden grebara deituta, 477 sukaldetakoak eta 398 garbiketakoak; eta horietatik % 33,5ek egun dute greba, sukaldekoen %47k eta garbiketakoen %20k.  

Euripean, manifestazioa egin dute langileek Bilboko Kale nagusian zehar.

"Gaur kalera atera gara haize eta erauntsien kontra, [Hezkuntza] Sailari esateko bere negoziatzeko modua eta mahaietara ekarri dituen edukiak ez direla nahikoak, eta behingoz, planteatzen ari gatzaizkion beharrei erantzun behar diela", adierazi du Marina Anda CCOOko ordezkariak.

LAB, ELA eta CCOO sindikatu deitzaileek jarraipenaren balorazio positiboa egin dute, eta Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" izan direla salatu. "Greba eskubidea baldintzatu nahi izan du Gobernuak, gutxieneko zerbitzuen aginduan zeuden hanka-sartze batzuk azken orduan zuzenduta", azaldu dute.

Sindikatuon arabera, zenbait eskolatako sukaldeetan erabatekoa izan da jarraipena. Hori da, kasu, honakoen egoera: Gipuzkoan, Donostiako Ikasbide, Hernaniko Meaben, Urretxuko Gain Zuri, Oñatiko Rekalden edo Hondarribiko Talaia ikastetxeetan; Bizkaian, Bilboko San Ignazio eskolan, Balmasedako Mendian, eta Karrantzako Concha del Vallen, eta Araban, Gasteizko Gamarran, Araiako, Dulantziko eta Langraiz Okako eskola publikoetan.

Gaur ez ezik, bihar eta otsailaren 19-20an ere greba dago deituta sektore horretan. Beharginok 2009tik dute lan hitzarmena iraungita.

Sindikatuen esanetan, hezkuntzako kolektiborik feminizatuena da sukaldari eta garbitzaileena, eta baita "lan baldintza okerrenak dituena eta pribatizazioa gehien pairatzen duena".

Besteak beste, honako aldarrikapenak dituzte beharginontzat: bazkaltiarren ratioak hobetzea, jantokien kasuan; eta garbiketan, lan-zamak arindu eta lan-orduak murriztea. Gainera, plantilla gaztetzeko planak eskatu dituzte erretiroa aurreratzeko. Halaber, galdutako erosahalmena berreskuratzea, ordezkoen lan baldintzak hobetzea eta euskara, berdintasun eta osasun planak garatzea galdegin dute.

"Edukirik gabeko" bilerak

Miren Zubizarreta ELAren ordezkariak Bilboko manifestazioan salatu duenez, Hezkuntza Sailak ez zuen aldarrikapenoi erantzuteko "eduki bakar bat ere" eraman mahai sektorialeko azken bilerara (urtarrilaren 27an izan zen).

Hurrengoa otsailaren 11rako dago deituta, eta ordurako "etxerako lanak" egiteko deia egin dio Pedrosa sailburuari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB Grebak Euskal Eskola Publikoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza CCOO Lan gatazkak