Ekonomia -
EMAITZAK
Caixabankek 5.787 milioi euro irabazi ditu 2024an, inoiz baino gehiago
Halaber, 2023. urtearekin alderatuta, % 20,2 gehiago irabazi du. Gonzalo Gortazar Caixabanken kontseilari delegatuak nabarmendu du "urte oso positiboa" izan dela.
AGENTZIAK | EITB Media
Caixabankek bere historiako emaitzarik onenak lortu ditu amaitu berri den urtean. Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak (CNMV) ostegun honetan ezagutarazitako emaitzen arabera, banketxeak 5.787 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu, eta aurreko urtearekin alderatuta % 20,2 egin du gora.
Interes marjina % 9,8 igo da aurreko urtearekin alderatuta, 11.108 milioi euroraino, azken hiruhilekoan, interes tipoen beherakadak bultzatuta, jaitsi egin bada ere. Baliabide propioen gaineko errentagarritasuna (ROE, ingelesez), berriz, % 15,4an kokatu da, iaztik 2,2 bi puntu gora eginda.
Bankuaren marjina gordina % 11,5 hazi da, 15.873 milioi euroraino.
Gonzalo Gortazar Caixabanken kontseilari delegatuak nabarmendu du "urte oso positiboa" izan dela, eta adierazi du bete egin dituztela azken plan estrategikoan ezarritako helburu guztiak: "merkataritza-jarduera haztea, zerbitzuaren kalitatea hobetzea, arriskuaren kudeaketa zorrotza egitea eta zentzuzko errentagarritasuna berreskuratzea".