Ekonomia -

EMAITZAK

BBVAren irabaziek % 25 egin dute gora 2024an eta 10.000 milioi baino gehiago irabazi ditu estreinakoz

Banketxeak bere historiako urterik onena izan du, Espainiako Gobernuak bankuei ezarritako zerga bereziagatik 285 milioi euro ordaindu behar izan baditu ere.

Carlos Torres BBVAko presidentea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Carlos Torres BBVAko presidentea, artxiboko irudi batean

Carlos Torres BBVAko presidentea, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BBVA taldeak % 25,4 handitu ditu irabazi garbiak 2024an, aurreko urtearekin alderatuta, eta 10.000 milioi euro baino gehiago irabazi ditu (10.054 milioi euro) lehen aldiz, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak (CNMV) ostegun honetan ezagutarazitako emaitzen arabera.

Bankuak urte bakar batean inoiz lorturiko emaitzarik onena da, Espainiako Gobernuak bankuei ezarritako zerga bereziagatik 285 milioi euro ordaindu behar izan baditu ere.

Interes marjina, berriz, % 9,4 igo da, eta 25.267 milioiko diru sarrerak izan ditu, kredituen dinamismoak bultzatuta. Marjina garbia, ostera, are eta gehiago hazi da, % 23,5, 21.288 milioi euroraino.

Baliabide propioen gaineko errentagarritasuna (ROE, ingelesez) % 18,9an kokatu da eta kapitalaren gaineko errentagarritasuna (RoTE), berriz, % 19,7an, bankuak iazko ezarrita zuen helburuaren (% 14) gainetik.

Bankuaren marjina gordina % 20,1 hazi da, 35.481 milioi euroraino, eta ustiapen gastuak 14.193 milioi eurokoak izan dira, aurreko urtearekin alderatuta % 15,3 igota.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
BBVA Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak