Ekonomia -

LGS

Lan Ministerioak UGT eta CCOO sindikatuekin adostu du gutxieneko soldata 50 euro igotzea, 1.184 eurora arte

Yolanda Diaz Lan ministroak eskerrak eman dizkio CEOE patronalari negoziazioan egindako ekarpenengatik, nahiz eta azkenean ez duten hiruko akordiorik itxi.

Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) bilakaera. Grafikoa: EITB Media
Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) bilakaera. Grafikoa: EITB Media

Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) bilakaera. Grafikoa: EITB Media

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Diaz Lan ministro eta bigarren presidenteordeak iragarri du akordioa itxi duela UGT eta CCOO sindikatuekin lanbidearteko gutxieneko soldata (LGS) hilean 50 euro igotzeko, hileko 1.184 euro gordinera arte.

"Elkarrizketa sozialak funtzionatzen du", nabarmendu du presidenteordeak gaur eragile sozialekin izandako bileraren ostean. Diazek eskerrak eman dizkio CEOE patronalari negoziazioan egindako ekarpenengatik, nahiz eta azkenean ez duten hiruko akordiorik itxi.

Hileko 50 euroko igoera, % 4,41, Lan Ministerioak negoziazio mahaira eraman zuen proposamena da.

CEOEk % 3ko igoera proposatu zuen, aurtengo negoziazio kolektiborako esparru-akordioan jasotakoaren ildotik; sindikatuek, berriz, % 6 inguruko igoera eta hilean 1.200 eurora iristea eskatu zuten.

Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren bilera, Madrilen. Argazkia: EFE

Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren bilera, Madrilen. Argazkia: EFE

Igoerarekin batera, Lan Ministerioak sindikatuekin hitzartu du bi hilabeteren buruan zenbait arau aldaketa negoziatzen hastea, besteak beste, lanbidearteko gutxieneko soldataren igoerak beste plus edo osagarri batzuek xurgatzea saihesteko. Horretarako, elkarrizketa sozialerako beste mahai bat martxan jarriko dute.

Sindikatuek nahi dute araudiak jaso ditzan Lanbidearteko Gutxieneko Soldata batez besteko soldataren % 60ra iritsi behar dela, LGSren eraginpean egon daitezkeen hitzarmen kolektiboetako soldatak eguneratzeko betebeharra, eta eguneko eta orduko zenbatekoak egokitzea, 2025ean lanaldia astean 37,5 ordura murrizten bada.

Diazek iritzi du akordioa "albiste ona" dela, eta pozik agertu da horregatik; igoera "berehala" Ministroen Kontseilura eramateko asmoa agertu du, gainera. Berretsi du Lan Ministerioaren jarrera dela kopuru berria zergak ordaintzetik salbuetsita geratzea, baina Ogasun Ministerioaren eskumena da hori erabakitzea. Era berean, CCOOk eta UGTk era diote LGS zergak ordaintzetik salbuetsita geratu behar dela.

CCOOren Ekintza Sindikal eta Enplegu idazkari Mari Cruz Vicentek "albiste ontzat" jo du lortutako aurreakordioa. "Hiruko akordio bat gustatuko litzaiguke", esan du Vicentek, baina erantsi du patronalaren proposamenak ez zuela "inolaz ere batez besteko soldataren % 60 bermatzen". Hori "marra gorria" zen sindikatuentzat, eta "jarrerak hurbiltzea" eragotzi du.

"Akordio bat lortzea garrantzitsuagoa iruditu zaigu", defendatu du Fernando Lujan UGTren Politika Sindikaleko idazkariorde nagusiak. "Segurtasuna eta ziurtasuna nahi ditugu", gaineratu du Lujanek, eta baloratu du Lan Ministerioak arau aldaketak negoziatzen hasteko hartutako konpromisoa.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak CCOO UGT Soldatak Yolanda Diaz CEOE Sumar Mugimendua