Ekonomia -

Itxiera

Guardian Glassek Laudioko labea itzaltzeari ekin dio

Enpresa batzordeak salatu duenez, multinazionalak "aurreikusita zuen moduan" egin du itzaltzea, eta Jaurlaritzak "ez dio kontra egin". Tentsio beteko goiza izan da, eta beharginek itzaltzearen kontrako protesta egin dute lantegi atarian. Greba mugagabea bertan behera utzi dute sindiktuek.

Dozenaka langile batu dira goizean goizetik lantegiaren aurrean. EFE
Dozenaka langile batu dira goizean goizetik lantegiaren aurrean.

Guardian Glassen enpresa batzordeak labea itzaltzen hasi direla konfirmatu du

0:34

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardian Glass multinazionalak gaur ekin dio, 11:00ak aldera, Laudioko (Araba) lantegiko labea amatatzeari, udarako aurreikusita dagoen itxiera prozesuaren baitan. Horren ondorioz, lantegiko 171 beharginak kaleratuko dituzte.

Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Ingurumen Sailetako eta Osalaneko teknikariek gainbegiratuta ari dira prozesua egiten. Jaurlaritzaren ordezkariak, Andoitz Korta Industria sailburuordea tartean dela, goizaldean joan dira Laudioko faktoriara.

Enpresa batzordeak berak ere baieztatu du hozte prozesua martxan dagoela. Salatu duenez, multinazionalak "aurreikusita zuen moduan" egin du itzaltzea, eta Jaurlaritzak "ez dio kontra egin". Ohartarazi duenez, "hotzean" ari dira labea amatatzen, eta behin bukatuta (3-4 orduren buruan), labea ezingo da berriro erabili.

Testuinguru horretan, iragarri dute biharko deituta zegoen greba mugagabea bertan behera geratu dela, ezin izan baitute eragotzi labea itzaltzea.

Izan ere, sindikatuen arabera, enpresa lehenago, 08:00ak aldera, saiatu da itzaltzea egiten, baina langileek uko egin diote.

Gerora, konpainiaren zuzendaritzako kideek, enpresa batzordeak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek bilera egin dute, labea nola hoztu behar zen "desadostasunak" sortu baitira. Batzar hori bukatutakoan hasi da, horrenbestez, itzaltze prozesua.

Eusko Jaurlaritzako iturrien arabera, hozte-prozesua astearteko bileran adostutakoaren arabera kontrolatzen eta planifikatzen ari dira. Beraz, labearen osotasuna eta segurtasuna bermatuko da eta, horrela, industria-proiektu berriak sartzea ahalbidetu.

Langileen protesta, itzaltzearen kontra

Goizean goiz, itzaltzearen kontra protesta egiteko, 200 bat lagunek —langileak, herritarrak eta beste enpresa batzuen ordezkariak— elkarretaratzea egin dute enpresaren kanpoaldean. Enpresa batzordeak deitu du mobilizazioa, "Guardian ez itxi" lelopean. Ertzaintzak dispositibo zabala ezarri du eremuan, eta ez da istilurik sortu.

EFE

EFE

Langileen ordezkariek salatu dute ez dutela itzaltzearen inguruko informaziorik jaso. Kontrara, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du atzo bertan hitz egin zutela sindikatuekin prozesuaren nondik norakoak jakinarazteko. Maddalen Muguruzaren (LAB) hitzetan, "04:00etan konpainiaren kanpoko kideak sartu dira, baina ez dakigu zer egiten ari diren eta zertarako etorri diren ere". Nonbait Guardianek atzerritik ekarri ditu langileak, itzaltzea egiteko.

Aurrez, Mikel Etxeberria ELA Industriaren ordezkariak salatu duenez, Laudioko Guardian Glassen zuzendaritzak "labea berehala itzaltzeko agindua eman du Industriako eta Osalaneko teknikariak azaldu ez direla". Etxeberriaren esanetan, "oso larria da, eta atzo Industria Sailak helarazi zuen mezuaren kontra doa". Dena dela, Jaurlaritzak ezeztatu egin du kontu hori.

Laudioko alkatea: "Gutxienez enpresa batek agertu du interesa"

Ainize Gastaka Laudioko alkateak Euskadi Irratian gaur azaldu duenez, Guardian Glassen lantegiak "badu etorkizuna" eta, horren erakusle, faktorian inbertitzeko prest azaldu diren enpresak agertu direla erantsi. "Gutxienez enpresa batek agertu du interesa", zehaztu du.

Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzak baieztatu du harremanetan egongo direla lantegian interesa duten hainbat inbertitzailerekin. Ildo horretan, gogorarazi du atzoko bileran erabaki zela Eusko Jaurlaritzak zuzenduko duela inbertitzaile horiekiko elkarrizketa.

Bestalde, Bruselatik egindako adierazpenetan, Imanol Pradales lehendakariak aitortu du "kezkaz" ari dela bizitzen Laudion gertatutakoa, baina azpimarratu du Jaurlaritzak "presio politikoaren bidez" labea itzaltzea "bermeekin" egitea lortu duela.

Lehendakaria: ''Industria bultzatzean jarri behar dugu fokua''
Lehendakaria: ''Industria bultzatzean jarri behar dugu fokua''

Lehendakaria: ''Industria bultzatzean jarri behar dugu fokua''

0:23
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Multinazionalak Enplegu-erregulazioko espedienteak Laudio Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak