Ekonomia -
Itxiera
Guardian enpresak labea modu kontrolatuan itzaliko du, inbertitzaile berriak errazago sar daitezen
Enpresaren jabeek jakinarazi dute lantegia itxi eta inbertsio gehiago ez egiteko behin betiko erabakia hartu dutela, labearen matxura larria izan dela argudiatuta. Eusko Jaurlaritzak teknikari talde bat bidaliko du labearen benetako egoera egiaztatzeko eta hozketaren jarraipena egiteko.
EITB Media
Guardian Glass enpresak Laudioko lantegiko labearen itzalketa kontrolatua egiteko eta haren osotasuna, fidagarritasuna eta segurtasuna ziurtatzeko konpromisoa hartu du, astearte arratsaldean Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuarekin izan duten bileran. Neurri horrek industria jarduera berria ekarriko duten inbertsore berrien sarrera erraztea du helburu.
Hala ere, ez dute atzera egin lantegia urgentziaz ixteko eta gehiago ez inbertitzeko erabakian. Behin betiko erabakia hartzeko, argudiatu dute labearen karga-horman atzemandako matxura larria izan dela eta adierazi dute ez dutela ikusten etorkizunerako bideragarritasun planik.
Jauregi sailburuak bileraren ostean jakinarazi duenez, enpresak itzaltze kontrolatuaren proposamena onartu du, eta beraz, "labearen etorkizuna ez da hipotekatuko". Izan ere, haren hitzetan kontrolatu gabeko hozte batek "labea berreskuraezina izatea" izango luke ondorio eta horrek inbertsoreak aurkitzea zailduko luke.
Beraz, hozte prozesuak segurtasun neurri eta prebentzio protokolo zorrotzenak jarraituko dituela ziurtatu du sailburuak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak "Osalan, Industria eta Ingurumen ordezkariak dituen teknikari talde bat" bidaliko du eta horien zeregina "labea benetan nola dagoen egiaztatu, kontrolatutako hozte plana aztertu eta operazioaren jarraipena egitea" izango da.
Jaurlaritzak zuzenduko ditu inbertitzaile posibleekin elkarrizketak, sailburuaren hitzetan, enpresak hala onartu baitu.
Azkenik, Enpresa Batzordeak proposatutako greba mugagabearen aurrean, adostutako gutxieneko zerbitzuak betetzea ere eskatu du sailburuak. Jauregiren iritziz, "ezinbestekoa da bertako langileek pixkanakako hozte prozesuan laguntzea".
Auzitegi Nagusiaren erabakia
Aurretik, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du labearen geldialdia bertan behera uzteko ELA sindikatuak proposatutako kautelazko neurria. Epaiaren arabera, helegiteak ez ditu ukatzen labean dauden egiturazko kalteak eta, ondorioz, arrazoi "teknikoak eta segurtasunekoak" daude labeak funtzionatzen jarrai ez dezan.
Horrez gainera, epailearen ustez, greba mugagabe batek "arrisku gehigarria" ekar lezake, funtzionamendu eta segurtasun arrazoiengatik, langile kopurua "nabarmen" murriztuko litzatekeelako.
Enpresa Batzordeak asteazken goizerako mobilizazioak bere horretan mantentzea erabaki du. Goizeko 07:00etan elkarretaratzea egingo dute Laudioko lantegiaren atarian eta bertan egingo dute egoeraren balorazioa.