Ekonomia -

Osasun Saila

Osakidetzak 7.500 lanpostutik gora egonkortu eta 4.400 plaza gehiago aterako ditu aurten

Bi lan eskaintza publiko onartuko dituzte: bata, 200 postu ingurukoa, betetzeko zailak diren lanpostuekin; bestea, ohikoa, 4.200 plazakoa. Litekeena da biak sindikatuekin negoziatzen ari diren eredu berriarekin egitea. Eskaintzokin behin-behinekotasuna % 8,5-9,2ra murriztuko da, Sailaren arabera.

Osakidetzaren aurreko lan eskaintza publiko bat. Artxiboko argazkia: EFE
Osakidetzaren aurreko lan eskaintza publiko bat.

Osakidetzaren aurreko lan eskaintza publiko bat. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Enplegu Eskaintza Publikoa (EEP) onartuko du aurten Osakidetzan, orotara 4.400 lanpostu baino gehiago eskainita, Alberto Martinez Osasun sailburuak gaur iragarri duenez. Horrez gain, estabilizazio prozesuaren baitan, 7.642 postu egonkortuko ditu (iazko abenduan esleitu zituzten 3.145 plazei batuko zaizkie).

Martinez prentsa aurrera atera da, gobernu bileraren osteko agerraldian, Osakidetzako lan eskaintza publikoen egungo egoera eta aurten behin-behinekotasuna murrizteko hartuko dituzten neurriak azaltzeko.

Zehaztu duenez, Osasun Sailak Enplegu Eskaintza Publikoko lehiaketa bat onartuko du apirilean. Betetzeko zailak diren familia mediku eta pediatra (Lehen Arreta) lanpostuak eta ospitalez kanpoko osasun mentaleko psikiatra eta haur psikiatra lanpostuak dira, 200 bat (gehiago izan daitezke, aurreko lan eskaintzetan martxora arte geratzen diren lanpostu hutsak batuta). Plazok ekainean esleituko dira, udan Lehen mailako Arreta indartzeko helburuarekin.

Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako landa eremuetan kokatutako edota indize sozioekonomiko baxua duten metropoli-eremuetako osasun zentro batzuetan zaila izaten da lanpostuak betetzea. Egoera bera izaten da arratsaldeko txandako ordutegia duten osasun-zentroetan eta Etengabeko Arreta Guneetan, kokapena edozein dela ere. Besteak beste, honakoak aipatu ditu Osasun Sailak: Turtzioz, Errigoiti eta Igorre (Bizkaia); Oion eta Arabako Lautada, eta Bergara, Arrasate eta Ataun (Gipuzkoa).

Horrez gain, urteko bigarren seihilekoan, beste lan eskaintza publiko bat onartuko du Osasun Sailak, 4.245 lanpostukoa —azterketak 2026an egingo dituzte—. Martinezek nabarmendu duenez, 2023-2024 eta 2025eko eskaintzen postuak esleituta, Osakidetzaren behin-behinekotasuna egungo % 34,55etik % 8,5-9,2ra jaitsiko da.

Bestalde, Martinezek aurreikusi du EEP horiek eredu berriarekin egingo dituztela. Osasun Saila sindikatuekin ari da negoziatzen eredu berri hori mahai sektorialean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Lan Eskaintzak