Ekonomia -

GREBA

Sindikatuek diote haur-eskoletako grebaren jarraipena % 85ekoa izan dela; Hezkuntza Sailak, berriz, % 49,5ekoa

Hezkuntza publikoan deitutako mobilizazio-sortaren barruan, gaur eta bihar 0 eta 3 urte arteko hezkuntza-zentro publikoetako langileen txanda da. Blanca Guerrero Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak elkarrizketarako deia berretsi du.

Landetxe haurreskolaren irudi bat, Donostian. Argazkia: EITB Media
Landetxe haurreskolaren irudi bat, Donostian. Argazkia: EITB Media

Sindikatuek beste proposamen bat eskatu diote Jaurlaritzari, haur-eskoletako langileen lehen greba egunean

0:40

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haurreskolen Partzuergoko langileen % 85 baino gehiago batu dira gaurko grebara, ELA, LAB eta Steilas sindikatuen arabera (CCOOk ez du ordezkaritzarik Haurreskolen Partzuergoan). Horrenbestez, balorazio positiboa egin dute, "grebak jarraipen zabala" izan duelako. 1.500 haur hezitzaile eta kudeaketa alorreko langile daude gaurko grebara deituta. Hezkuntza Sailaren arabera, aldiz, jarraipena % 49,5ekoa izan da.

Elkarrekin kaleratutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzak "gehiegizko gutxieneko zerbitzuak" ezarri dituela salatu dute sindikatuok. "Salatzekoa da Eusko Jaurlaritzak ezarritako abusuzko gutxieneko zerbitzuen ondorioz, hamarnaka langileri greba eskubidea ukatu zaiela, batez ere, haur-eskola txikietako haur hezitzaileei, eta ondorioz, greba bera baldintzatu egiten dela".

Bestalde, Hezkuntza Sailak atzo "greba zikloa bertan behera uzteko saiakera" egin izana gaitzetsi dute. Azaldu dutenez, "orain arte mahai gainean egon diren edukiak txertatuta zituen aurreakordio proposamena" eraman zuten "bat-batean deitutako mahai negoziatzaile batera".

Hezkuntza Sail "berria izan arren", sindikatuek erantsi dute jokamoldeak ez direla aldatu. "Hezkuntza Sail berria dugu, eta horrekin batera, Zuzendaritza Batzorde berritua. Azken urteetako jokamolde berbera dute, Haurreskolak Partzuergoaren langileon lan-baldintzak arautzen dituen 2009ko lan hitzarmena berritzeko eduki nahikorik gabeko mahaiak deitu eta etengabe luzatzen dituzte", adierazi dute.

'Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!' lelopean, haur-eskoletako ehunka langilek hartu dute parte eguerdian Eibarren egin den manifestazioan. Bihar ere grebara deituta daude, eta mobilizazioak egitekoak dira EAEko hiru hiriburuetan: 11:30ean elkarretaratzeak egingo dituzte Hezkuntza ordezkaritzaren egoitzen atarietan. 

Bere aldetik, Blanca Guerrero  Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak zehaztu du atzo proposamen berri bat helarazi ziela Jaurlaritzak sindikatuei, "ekimen zehatzekin eta egutegi jakin batekin".

Blanca Guerrero: ''Elkarrizketa da irtenbide bidezkoa eta jasangarria lortzeko tresnarik indartsuena''
Blanca Guerrero: ''Elkarrizketa da irtenbide bidezkoa eta jasangarria lortzeko tresnarik indartsuena''

Blanca Guerrero: ''Elkarrizketa da irtenbide bidezkoa eta jasangarria lortzeko tresnarik indartsuena''

0:28

Aldarrikapenak

Mobilizazioen bidez, besteak beste, lan-kargak arintzeko, erretiroa aurreratzeko, erosahalmena berreskuratzeko, enplegua egonkortzeko eta bermatzeko, eta lan-osasuna, euskara eta berdintasuna bermatzeko neurriak aldarrikatu nahi dituzte sindikatuek

Hezkuntza Sailak hezkuntza publikoa indartu eta inbertsio publikoa handitu behar duela uste dute, beharginen lan-baldintzak hobetzeko eta "eskola publikoa erdigunean kokatzeko".

Sindikatuek gogorarazi dute grebara deitutako kolektiboen lan-hitzarmenak iraungita daudela, eta, zehazki, Haurreskolen Partzuergoko eta sukalde eta garbiketa langileen hitzarmenak 2009koak direla, eta irakasleenak, 2010koak.

Kolektiboei egokitutako aldarrikapen zehatzak dituzte, baina zazpi eskaera komun adostu dituzte, hala nola "gero eta handiagoak diren lan-kargak arintzeko neurri zehatzak, plantillak gaztetzeko egitasmoa aurrera eramatea erretiroa aurreratzeko, galdutako erosahalmena berreskuratzeko, enplegu publikoa egonkortzeko eta bermatzeko zentro publikoen fusioen eta itxieren aurrean".

Joan den astean, unibertsitatez kanpoko zentroetako irakasleak atera ziren kalera. Datorren ostegunean eta ostiralean, berriz, sukaldeetako eta garbiketako langileak mobilizatuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza ELA LAB Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Sindikatuak Steilas