Ekonomia -

ITXIERA

Guardianen zuzendaritzak berretsi du bihar hasiko duela labea itzaltzeko prozesua

Langileen zein Eusko Jaurlaritzaren "kezkak" ulertzen dituela esan du multinazionalak, baina aldi berean nabarmendu du labea egun dagoen moduan jarduera mantentzeak arriskuan jar dezakeela beharginen "segurtasuna".

La planta de Guardian en Llodio, en una imagen de archivo. Foto: EITB Media
La planta de Guardian en Llodio, en una imagen de archivo.

La planta de Guardian en Llodio, en una imagen de archivo. Foto: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardian Glass enpresaren zuzendaritzak berretsi du bihar, urtarrilak 29, hasiko duela labea itzaltzeko eta hozteko prozesua Laudioko plantan. Esan du "urgentziaz" egin beharreko urratsa dela, besteak beste, "langileen segurtasuna arriskuan" dagoela argudiatuta.

Behin labea itzalita, AEBko multinazionalak sei hilabeteko epean du aurreikusita enpresa ixtea, bertan lan egiten duten 171 beharginak kaleratuta. Azken horiek, atzo bertan mobilizazioak egingo zituztela iragarri zuten, tartean, greba mugagabe bat ostegunetik aurrera.

Ohar batean azaldu ditu Guardianek itxieraren arrazoiak, alde guztien "kezkak" ulertzen dituela azpimarratu ondotik. Esan duenez, labea egoera txarrean dago eta premiazkoa da hozte prozesua martxan jartzea. Zehazki, labearen "goiko hormaren zati bat erori" egin zela eta eskuinekoak "arrakala handiak" dituela jakinarazi dute. Hori horrela, gehitu du jarduerarekin aurrera egiteak beharginak arriskuan jarriko lituzkeela.

"Hozte prozesua kontrolatuta" eta "segurtasun eta prebentzio protokolo zorrotzekin" egingo dela ziurtatu dute. Ondoren, labea berreraikitzeko aukera egongo dela ere adierazi du zuzendaritzak, hori egitea aurreikusten ez badu ere.

Labea itzaltzeko eta hozteko prozesuari buruzko "dokumentazio guztia" Osalanen (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) eta Euskadiko Lan Ikuskaritzaren esku jarri du Guardianek. Atzo, kontrakoa salatu zuten enpresa batzordearen ordezkariek eta gaitzetsi zuten Osalanek ez zuela planaren berri.

Bestalde, multinazionalak ohartarazi du labea berehala gelditzea oztopatuko lukeen edozein ekinbidek —ELA sindikatuak, atzo, auzitara joko zuela iragarri zuen— "langileen segurtasuna arriskuan" jarriko duela eta "onartu ezin diren kalteak" eragingo dituela Laudioko plantan.

Gaurko, bilera dago aurreikusita Guardianen zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Laudio Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak