Ekonomia -
ETXEBIZITZA BABESTUA
Eusko Jaularitzak babestutako 297 etxebizitza eraikiko ditu alokairurako Gasteizen, eta 84, Donostian
Etxebizitza Sailak alokairura bideratutako 120 eta 177 etxebizitza eraikiko ditu Zabalganan eta Larreinen. Halaber, 84 bizitoki egingo ditu Loiolako Erriberan.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak alokairura bideratutako etxebizitza babestuen eskaintza handituko du eta 297 etxebizitza eraikiko ditu Gasteizen, eta 84, Donostian.
Alokairu babestuko etxebizitzaren bat eskuratu edo promozio berriei buruzko informazioa eskuratu nahi dutenek Alokabiden eman behar dute izena, aurrez aurre Zuzenean zerbitzuaren bitartez edo telematikoki Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitartez.
Gaurko gobernu bilerak baiezkoa eman dio Zabalganan eta Larreinen alokairurako 120 eta 177 etxebizitza babestu eraikitzeari. Horretarako, Etxebizitza Sailak akordioak sinatu ditu Torgiko Alde 21 S.L.U. eta Mijusar S.L enpresekin.
Etxebizitza Sailak jakinarazi duenez, Zabalganako promozioa Torgiko Alde 21 S.L.U.k egingo du. Eraikuntza lanak iazko abenduan hasi ziren eta 2026. urtearen amaieran dira bukatzekoak. Bestalde, Larreingo etxebizitzak Mijusar S.L.k egingo ditu datorren martxotik aurrera, eta, aurreikuspenen arabera, 2027. urtean amaituta egongo dira.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak akordioa lortu du Loiolako Erriberan, Donostiako Udalarenak diren lurretan, alokairurako 84 bizitoki egiteko.
Obra lizentzia eskatu du Eusko Jaurlaritzak, eta exekuzio proiektua prestatzen ari da urte honen bigarren seihilekoan lanak lizitatu ahal izateko.
Gasteizko eta Donostiako kasuetan, 50 urterako alokairuak izango dira eta bizitegi unitate bakoitzeko 45.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko dute.