Ekonomia -
FUNTZIONARIOAK
Hego Euskal Herriko langile publikoei soldata % 0,5 igoko diete, 2024ko atzeraeraginkortasunarekin
Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek % 2ko soldata igoera adostu zuten 2024rako, % 0,5 igotzeko aukerarekin. Hortaz, azkenean, iazko soldata % 2,5 igoko da.
AGENTZIAK | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako langile publikoei beste % 0,5 igoko diete iazko soldata, 2024ko urtarrilaren 1eko atzeraeraginkortasunarekin.
Espainiako Gobernuak 2022-2024 aldirako soldata igoerak adostu zituen CCOO eta UGT sindikatuekin, eta, horren arabera, iaz soldatak % 2 igo ziren. Hala ere, akordio horrek soldatak bost hamarren gehiago igotzeko aukera jasotzen zuen, baldintza batzuk betez gero.
Zehazki, 2022tik 2024rako inflazio armonizatua % 8tik gorakoa izanez gero, soldatak puntu erdi haztea adostu zuten. Espainiako Estatistika Institutuak gaur kaleratutako datuen arabera, langa hori aise gainditu da, % 14,6koa izan baita.
% 0,5eko igoera hori Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan sartuko da indarrean.
Hortaz, azkenean, iazko soldata % 2,5 igoko da.
Hala ere, Hego Euskal Herriko langile publikoek erosahalmena galduko dute, iaz soldatak % 2,5 igo ziren bitartean, urte arteko inflazioa % 3,6 eta % 2,7 hazi zelako EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren.