Ekonomia -
Azpiegiturak
Bentaberriko geltokian trenbidea jarrita, aurrera doaz Donostiako Topoaren lanak
Lanak ikusteko egin duen bisitan, Imanol Pradales lehendakariak esan du "Donostia aitzindaria izango” dela “lehen mailako hurbileko tren-sarea osatzen".
EITB Media
Donostiako Topoaren lanak azken fasean sartuta daude eta aurrera doaz. Bentaberriko geltokian, saihesbideko hiru geltokietatik lehenengoan, amaitu dute trenbidearen muntaketa. Asteazken honetan, Imanol Pradales lehendakaria eta Susana Garcia Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburua Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoa egiten ari den lanak bisitatzen izan dira, Eneko Goia Donostiako alkatearekin batera.
Bisitan horretan, lehendakariak nabarmendu du trenbide-saihesbide berriak milaka pertsonaren bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duela, eta Donostia mugikortasunaren abangoardian jarriko duela. Bere hitzetan, "trenbide-eskumen guztiak ditugunetik, Donostia aitzindaria izango da lehen mailako hurbileko tren-sarea osatzen. Sare horrek lurralde osoa lotuko du eta Euskadi egituratzen lagunduko du".
Susana Garcia sailburuak, bere aldetik, azpimarratu du azpiegitura berria "Gipuzkoako mugikortasunaren etorkizunerako proiektu estrategikoa" dela, "herritarren beharrei erantzuteko eta autoa erabiltzeari uztea animatzeko". Bere ustez, trenbideak liberatutako espazioei esker "nabarmen hobetuko" da hiria, "etxebizitzetarako, oinezkoentzako eta aisialdirako" lurzoru gehigo izango baita.
Bentaberrin trenbidea jarrita, Lugaritzeko egungo terminaletik Bentaberrira bitarteko bide bikoitza egiteko obrak burutu dira. Zifrei dagokienez, saihesbidearen 4,2 kilometroetan 8.400 metroko trenbidea beharko da —hau da, 907 tona altzairu—, eta guztira homigoizko 10.500 trabesa. Azpiegitura berriaren lehen zatiaren (Lugaritz-Mirakontxa) 2.140 metroetatik, ezkerreko bidearen 1.690 metro eta eskuineko 1.340 metro muntatu dira.
Zati horretan duela bi urte amaitu zen obra zibila eta, trenbidearen muntaketa eginda, Bentaberriko geltokiko nasetan eta gela teknikoetan behe-tentsioko instalazio elektrikoak jartzen ari dira orain, baita Zarautz hiribideko larrialdi-irteera ekipatzeko lanak egiten ere. Halaber, prest daude Bentaberri eta Easo terminaletako sarbide elektromekaniko guztiak (eskailera mekanikoak, korridore gurpildunak eta igogailuak).
Horrela, bada, aurtengo lehen hiruhilekoan hasiko dira gainerako instalazio-obrak, trenetako zirkulaziorako beharrezkoak diren komunikazioekin, elektrifikazioarekin (katenaria) eta seinaleztapenarekin zerikusia dutenak.
Gainera, Mirakontxa-Easo tartean, Easoko geltokia ia amaituta dago. Erdialde-Kontxa geltokian, berriz, haitzuloa hondeatuta eta eutsita dago, baina oraindik obra zibila falta zaio. Kontrabobeda hormigoiztatu dute eta estaldura eta etorkizuneko geltokiaren barne-arkitektura falta dira, hau da, nasak, bide-plataforma, meskanak edo altzairu herdoilgaitzezko atariak eta altzairu beiraztatuzko behin betiko estaldura.
Horrez gain, aireztatzeko 6 galeriak eta gela teknikoak induskatu eta tinkotu dira, eta Easo kaleko igogailurako putzua ere egin da.
Hurrengo astean, San Sebastian egunaren ondoren, San Bartolome eta Easo kaleetako lur gaineko urbanizazio-lanak hasiko dituzte. Horiek proiektu independente bat dute.