Ekonomia -
INDUSTRIA
Eusko Jaurlaritzak enpresa txiki eta ertainentzako 500 milioi euroko laguntza plana abiatuko du otsailean
2024an 272 milioi euro industria lehiakor eta jasangarria sustatzera bideratu ostean, Eusko Jaurlaritzak enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa berri bat iragarri du 2025erako, 500 milioi euroko zuzkidura historikoarekin.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak industria-sarearekin duen konpromisoa berretsi du, enpresa txiki eta ertainei laguntzeko programa berri bat iragarri baitu 2025erako, 500 milioi eurokoa. Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak aurreratu duenez, otsailean aurkeztuko dute programa, eta Euskadin industria "lehiakorragoa, jasangarriagoa eta enplegua sortzen duena" finkatzera bideratuta egongo da.
Iragarpena 2024ko industria politiken balantze positiboaren ostean iritsi da, urte horretan Eusko Jaurlaritzak 272,3 milioi euro bideratu baitzituen SPRI Taldearen bitartez. Laguntza horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko 4.100 enpresa eta 68 eragileri baino gehiagori lagundu zieten, inbertsio pribatuko 745 milioi euro mugiaraziz.
"Inbertitutako euro publiko bakoitzeko, 2,73 euro sortu dira sektore pribatutik, eta gure politiken eragin eraldatzailearen erakusgarri argia da hori", nabarmendu du Jauregik. Programek arlo estrategiko hauek jorratu zituzten, besteak beste: I+G+B (145 milioi), sustapen industriala (55,4 milioi), eraldaketa digitala (18,6 milioi), nazioartekotzea (19,2 milioi), deskarbonizazioa (17,6 milioi), nazioartekotzea (19,2 milioi) eta berrikuntza (12,5 milioi).
Deskarbonizazio-programari esker, adibidez, 58 enpresak emisioak eta energia-kontsumoa murriztu ahal izan zituzten, eta 1,45 milioi tona CO2 saihestu zituzten 10 urtean.
Digitalizazioaren alorrean, 1.629 enpresak 18,6 milioiko laguntza jaso dute, 36 milioiko inbertsio pribatua sustatuz. Bestalde, nazioartekotze-programek 394 enpresa eta 582 gazteri lagundu diete 19,3 milioi eurorekin, eta atzerriko merkatuetan duten presentzia sustatu dute.
2025eko laguntza-plan berriak eraldaketa-ildo horri jarraitu nahi dio, jasangarritasunaren eta berrikuntzaren alde eginez, Euskadiko industria-hazkundearen motor gisa.