Ekonomia -
Araba
Ekologistek Arratzua-Ubarrundiako Udalari exijitu diote Aldundiari eska diezaiola zentrala gelditzeko
Arratzua-Ubarrundiako Proiektu Honi Ez plataformak mozioa aurkeztuko du Vitoria Solar 1 parke fotovoltaikoaren aurka hurrengo udalbatzan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Arratzua-Ubarrundiako Proiektu Honi Ez plataformak Udalari exijitu dio Arabako Foru Aldundiari eska diezaziola Vitoria Solar 1 parke fotovoltaikoari ezezkoa ematea.
Horren harian, mozioa aurkeztuko du hurrengo udalbatzan. Ohar batean, plataforma horrek salatu du Arabako udalerriaren inguruari kalte larriak ekarriko dizkiola proiektuak, azpiegitura sail ureztatu batean eraiki nahi dutelako, eta horrek "eragin zuzena" daukalako lur horietan.
Era berean, plataformak adierazi du, Europar Batasunak 2030era begira dituen helburu energetikoak eta klimatikoak aintzat hartuta, horrelako egitasmoak ezin direla nekazarientzat balio handia duten lurretara eraman.
Hartara, zehaztu dute zentral horrek 73 hektarea izango dituela, 16 gunetan banatuta, eta hartu nahi duten azalera "balio estrategiko handiko lurrak" direla.
Horregatik guztiagatik, hurrengo udalbatzan mozioa aurkeztuko dute aipatu proiektuaren kontra. Aurretik, zinegotziek egingo duten bilerara eramango dute gaia, bertan azter dezaten. Aurreikuspenen arabera, urtarrilaren 29an egingo dute.