Ekonomia -
Talgoren erosketa
Garraio Ministerioak hilaren amaieran jarri du Sidenorrek Talgo erosteko akordiorako epe-muga
Madrilgo nahiz Gasteizko Gobernuen aukera gustukoena da Sidenor, eta oraingoz, bakarra, Talgoren % 29,9a erosteko. Sidenorrek bere eskaintzari eusten dio (4 euro akzioko) eta ziurtatu duenez Trilantic-ek "ez du baztertu". Baina ezer ez dago oraindik itxita.
EITB Media
Sidenorrek Talgo erosteko mugimendu eta negoziazioak bizi bezain ziurgabeak dira une honetan. Prozesua bideratu asmoz, Espainiako Garraio Ministerioak akordiorako epe-muga proposatu die aldeei: urtarrilaren 31, hil honen bukaera. Gainditu beharreko oztopo nagusia, berriz, prezioa.
Sidenor da Talgoren % 29,9a erosteko Madrilgo nahiz Gasteizko Gobernuen aukera gustukoena eta oraingoz mahai gainean dagoen aukera bakarra, ofizialki behintzat.
Hain zuzen ere, Oscar Puente Ministroak bilerara deitu zituen Eusko Jaurlaritzako, Sidenorreko eta Trilantic-eko ordezkariak, eta ezer itxi ez bazen ere, Ministerioak epe-muga hori ezarri zuen.
Puentek argi azaldu zuen Sidenorren aldekoa dela euren apustua, Talgori falta zaio gaitasun industriala emango liokeelako, Espainiarentzat estrategikoa den konpainia baten "espainiartasuna" mantentzeaz gain.
Sidenorren balizko operazioa begi onez ikusten du Eusko Jaurlaritzak ere, Talgo indartzea ekarriko lukeelako eta horrek, mesede egingo liokeelako zuzenean euskal lurraldeari, Ribabellosan duelako konpainiak bere lantegi handiena, 700 laguneko plantillarekin (bestea Madrilen du, Las Matas-en, 500 langilekoa).
2024 urtea amaitzearekin batera iraungi zen Trilantic-ek Talgoren sortzaileetakoak diren Oriol Familiaren (%7) eta Juan Abelloren Torreal Funtsarekin (%3) zuen akziodunen ituna. Hiruren artean Talgoren % 40a kontrolatzen zuten orain arte, Pegaso erakunde instrumentalaren bitartez. Itun hori amaituta, eskuak libre ditu orain Trilantic-ek bere kabuz aritzeko.
Trilantic-ek pausoa emateko oztopo nagusia prezioa da. Sidenorrek joan den azaroan egin zuen eskaintza formala, Trilantic-ek Talgon duen % 29,9ko zatia bereganatzeko, denera 150 milioi euro inguruko eskaintza (4 euro akzioko). Prezio hori Magyar Vagon enpresa hungariarrak aurkeztu eta Espainiako gobernuak atzera botatako eskaintza baino baxuagoa da, Talgo osorik erosi eta akzioko 5 euro ordaintzeko prest baitzegoen hura.
Egoitza soziala Basaurin duen Sidenorrek bere eskaintzari eusten dio (4 euro akzioko) eta ziurtatu duenez Trilantic-ek "ez du baztertu".
Hala ere, urrian hasitako negoziazioen erdian, Trilantic-ek Sidenorrez den beste aukera batzuk ere izan ditzakeela dioten informazioak zabaldu dira, hala nola Pesa enpresa poloniarrarena.