Ekonomia -

Iragarritako itxiera

Espainiako eta Nafarroako gobernuak BSHko Alemaniako zuzendaritzarekin bilduko dira gaur eguerdian

Enpresa-batzordeak kontzentrazioa egingo du enpresaren bulegoen aurrean. Alemaniako zuzendaritzak ekainean itxiko du Eskirotzeko lantegia.

BSHk Eskirotzen duen lantegia. Argazkia: EFE
BSHk Eskirotzen duen lantegia. Argazkia: EFE
BSHk Eskirotzen duen lantegia. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Lan Ministerioko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak BSH multinazionalaren Alemaniako zuzendaritzako kideekin bilduko dira gaur eguerdian Madrilen. Hitzordu horretan, Nafarroako Eskirotzeko lantegiaren itxiera landuko dute, ekainean itxiko dutela iragarrita baitago.

Lan Ministerioaren egoitzan egingo den bileran, Jordi Hereu ministroak, Rebeca Mariola Torró Industriako estatu idazkariak eta Alemaniako BSH taldeko ordezkariek parte hartuko dute. Azken hauen artean Christian Prenzel, BSHren Europarako zuzendaria, eta Jörg Ulrich, ekoizpen globaleko burua egongo dira.

Nafarroako Gobernuaren aldetik, Maria Chivite presidentearekin batera, Mikel Irujo Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilaria eta Carmen Maeztu Gizarte Eskubide, Gizarte Ekonomia eta Enpleguko kontseilaria izango dira.

Irujok azaldu duenez, Nafarroako Gobernuaren helburua da BSHk Nafarroako lantegia ixteko "aldez aurretik hitz egin gabeko aldebakarreko erabakia iraultzea". Gogoratu du 655 pertsona ari direla bertan lanean hozkailuak eta ontzi-garbigailuak fabrikatzen, eta "inoiz" ez dela galera ekonomikoetan sartu. Ondorioz, azpimarratu du ez dagoela itxieraren neurria justifikatzerik.

Horregatik, BSHko zuzendaritza konbentzitzeko, Irujok irmo defendatu ditu Nafarroak bere industria-sarearen sendotasunagatik eskain ditzakeen abantailak. Hala ere, Irujo haserre agertu da aurretik kontakturik izan ez delako.

Madrilgo bilera den bitartean, Eskirotzeko enpresa-batzordeak kontzentrazioa egingo du enpresaren bulegoen aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Alemania Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Industria