Ekonomia -
2025eko aurreikuspenak
2025eko hazkunde ekonomikoa % 2koa izango dela aurreikusi du Jaurlaritzak
Gainera, aurreratu du enplegua % 1,4 haziko dela eta langabezia tasa % 6,9ra jaitsiko dela.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak aurreikusi du aurten % 2 haziko dela EAEko ekonomia, hau da, euroguneko batez bestekoa (% 1,3) baino gehiago egingo du gora, Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak aurreratu duenez.
Torresek aurtengo aurreikuspen ekonomikoen berri eman du Gobernu bileraren osteko agerraldian. Horretan, gainera, adierazi du Euskadiko garapen ekonomikoa "ona" dela, eta hazkundea "egonkorra eta iraunkorra" izaten ari dela.
Sailburuak aurkeztutako aurreikuspenek aldaketa gutxi dituzte azken balantzearekin alderatuta (hamarreko bat txikiagoa da oraingoa), eta alde nagusia da inguruko ekonomien hazkunde aurreikuspenek behera egin dutela. Adibidez, eurogunearen hazkunde aurreikuspena % 1,5etik % 1,3ra jaitsi da, eta Espainiarena, % 2,5etik % 2,3ra.
Carlos Cuerpo Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa ministroak aurreko astean aurreratu zuenez, Gobernuak Espainiako ekonomiaren hazkundearen aurreikuspenak berrikusiko ditu, baina oraingoan gorantz egingo du, % 2,4tik gora kokatuko da eta.